zarautz. Atzo gauean, Azken Portuko San Joan suan eta Munoan zabaldu dituzten txosnetan jada festa gogoa nabari zen arren, Zarauzko San Pelaio jaiek bihar egingo dute eztanda eta osteguna bitarte hamaika ekitaldirekin gozatzeko aukera izango da.

Ostegunean aurkeztu zuten egitarau zabala Iñurritzan eta Gari Berasaluze Kultura zinegotziak festa "koloretsu eta alaiak" izatea espero duela nabarmendu zuen. Izan ere, Udalak ez ezik, Zarauzko Arraun Elkartea, Haur Kultur Taldea, helduen danborrada antolatzen duten herriko gastronomia elkarte guztiak, Zarauztarra Txirrindulari Elkartea, Azken Portuko komisioa eta, bereziki, Gurekin jai batzordea eta Iñurritzako jai batzordea aritu dira festetako ekitaldiak prestatzen.

Biharkoan 11.30ean San Pelaio ermitan Udaberri abesbatzaren kontzertua izango da eta, jarraian, 12.00etan suziriak eta txupinazoa, jaiekin hasteko. Udaletxeko balkoian Juan Luis Illarramendi alkateak Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari makila emango dio. Ondoren, kalejira izango da trikitilari, buruhandi eta erraldoiekin.

Arratsaldean jarraituko du festak eta, 18.30ean, Haurren Agerraldia irtengo da kalez kale. Azken Portutik hasita, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik igaroko dira, Zarauzko musika bandak eta Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Ondoren, Lege Zaharren enparantzan elkartuko dira. Aldi berean txosnak irekiko dituzte eta tortilla erraldoia egingo dute. Gauean, 23.00etan hasita, Untxi pakean pelaiozenaioak! ikuskizun ibiltaria eskainiko dute txosnetatik abiatuta. Helduen danborrada 23.30ean hasiko da eta parte hartzen duten bederatzi elkarteek Elias Azpiroz (Arkaitz Mendi) omenduko dute, San Pelaio Makila emanaz. Gauerdian Zarauzko bandera igoko dute agintariek. Jarraian, parrandarako beta izango da eta Egan taldea izango da Musika plazan eta txosnetan berriz, Eraso eta eMePebo5t.

Parekidetasun sailak hondartza aldeko tabernetan Etzetz ba! liburuxka banatu du neskek gozatzeko eta beraien burua babesteko aholkuarekin. Bestalde, Droga-mendekotasun prebentzio zerbitzuak, testing analisi zerbitzua eskainiko du bihar, 24.00etatik 3.00etara Munoan.