Síguenos en redes sociales:

"Oriak munduko ibai kutsatuena izatearen zorigaiztoko titulua zuen; gaur egun, zorionez, egoera beste bat da"

Bidaiak, natura eta antropologia jorratzen dituzten Amalur jardunaldien baitan, gaur Angel Cuerdo tolosarrari egokituko zaio hitzaldia eskaintzea, 19.30ean, Tolosako Topic aretoan. Munduan zehar ezagutu dituen ibaien inguruan solasean arituko da bidaiaria

"Oriak munduko ibai kutsatuena izatearen zorigaiztoko titulua zuen; gaur egun, zorionez, egoera beste bat da"

Tolosa. Zein izango da gaurko hi-tzaldiaren abiapuntua?

Ibaiek kulturalki suposatzen duena azaltzen saiatuko naiz, gizatalde guztiak ibaiaren altzoan nola garatu diren erakutsiz. Neronek bizi ditudan esperientzia berezienak kontatuko ditut eta solasaldirako gairik aipagarriena beharbada ibaiak zeharkatzeko moduak izango da. Danubio ibaian adibidez piragua erabili dut, baina zati bat oinez eginez tartekatu dut, bestea bizikletaz... Hitzaldi honekin nire helburua jendea animatzea izango da, modu interesgarria delako piraguaz lekuak ezagutzea, orain gainera Tolosan arraunak duen loraldia ikusita gehiago. Eta norbait kutsatzen badut, fenomeno!

Ibaiek asko erakutsi dizute?

Bai, izugarri. Tokatu zaidan arte ez nuke jakingo nola zeharkatu bi herrialdeen arteko muga bat ibaian barrena noala, zein harreman eduki bertan dauden animalia eta presekin, korronteekin nola jardun... Zanbeze edo Orinokon, adibidez, zuk aukeratu behar duzu zein korronte jarraitu. Oso ibai aberatsak dira, bizitza handia dago, baina jakin behar da nola jokatu hor bertan dauden hipopotamoekin, adibidez.

Nostradamusek munduaren amaiera iragarri zuen 1999 urtean eta zuk momentu berezi hura ikusteko Danubio ibaiaren ertza aukeratu zenuen, Erromanian. Zergatik?

Lagun batekin hasi nuen esperientzia, baina bera erretiratu egin zen. Nik 24 urte besterik ez nituen, baina bakarrik jarraitzea erabaki nuen. Niretzat amets bat zen Vienan ospatu zen Johann Straussen heriotzaren mendeurreneko kon-tzertua eta Nostradamusek iragarri zuen munduaren amaierako eklipsea bizitzea. Beste alde batetik, beti bukatzeko zegoen Jugoslaviako gerra zegoen tarteko, eta unerik latzenak Jugoslavia eta Erromania artean bizi izan nituen; gauean etxeratze-agindua edo toque de queda zegoen eta pertsona ba-tzuk eraso egin ninduten gauez dokumentala grabatzen nengoelako, estraperloa ere bazen... Hala ere, egoera guzti horrek buelta eman zuen eta dena oso ondo amaitu zen, eta esperientzia borobila izan zen.

Ondoren zein ibai etorri ziren?

Hurrengoa Ganges (India) ibaiaren zeharkaldia izan zen. Oso berezia da bere izaeragatik, milioika pertsonentzat sakratua baita. Iturburutik Deltara piraguaz egitea oso konplikatua zen, eta lehen zatia oinez egin nuen. Oso ikusgarria da; biztanleak bertan bainatzen dira purifikatzeko, orain gorpuak bota-tzea debekatuta dago baina jarrai-tzen dute egiten... Piraguan ikusten ninduten eta jainko bat nintzela iruditzen zitzaien.Ondoren, Korea eta Txinatik barrena piraguan ibili nintzen; Nilo ibaia ere jaitsi nuen eta eskolta militarra jarri zidaten zaintza egiteko; ondoren Orinoko ibaia, Zanbeze, Ganbia, Mekong, Parana, Amazonas, Orange...

Zein ezberdintasun ikusi duzu beste hainbat lurraldeetan ibaiekiko duten harremana eta Tolosan edo Euskal Herrian dugunaren artean?

Denok maite ditugu ibaiak eurek eskaintzen digutenagatik. Horregatik, denak saiatu gara zaintzen, batzuetan espiritualtasunik gabe egin dugun arren. Agian industria garaian etorri zitzaien ibaiei danbatekorik handiena. Oriari, esaterako, ibai koloretsua deitzen zi-tzaion eta munduko ibairik kutsatuena izatearen zorigaiztoko titulua zuen. Gaur egun, zorionez, egoera beste bat da eta jendea hor ibiltzen da arraunean eta piraguan gozatuz.

Ibaiak ezagutzeko proiektu hau amaitutzat eman duzu ala baduzu buruan ezagutu nahi duzun besterik?

Proiektu honi ez diot amaiera eman eta ez diot emango. Ibai handiak nituen zerrendan, Eufrates ibaia esate baterako. Joatekotan nintzen, baina bertan behera utzi behar izan nuen Irakeko gerratea hasi zelako. Indo ibaia ere magikoa da, kultura guztien sorburu. Izen handiak dira horiek, baina gertuago ditugu Ebro, Duero edota Guadalquivir. Esperientzia politak eskaintzen dituzte eta modu oso merkean, gainera. Nik bi seme ditut, eta hirugarren bidean da eta orain nire ametsa familian piraguak hartu eta ibai horietan ibiltzea izango litzateke.

Zer eskaintzen dute ibaiek?

Ohiko turismo bideak errepideak dira, baina ibaiek beste ikuspuntu bat eskaintzen dizute. Monumentu bat ibaitik ezberdin ikusten da, eta jendearekin harremana ere ezberdina da. Ez gaude ohituta, baina esperientzia oso aberasgarria da.

Zer dira zuretzat Amalur jardunaldiak?

Gaur egun internetera jotzen dugu eta oinarrizkoena ahazten dugu. Bidai bat egiterakoan nik beti izan dut norengana jo, askotan tolosarrak, galderak egiteko eta ameslarien arteko hurbilketa hori eskain-tzen digute Amalur jardunaldiek. Beharrezkoa da horrelako ekimenak indartzea.