DUELA urtebete luze Hernaniko Udalak herriko ibilbideak berreskuratzeko lana hasi zuen. Ekintza honetan Aranzadi zientzia elkarteko eta Mendiriz Mendi elkarteko laguntza jaso du. Guztira, lau ibilbide plazaratu ditu: Santa Barbara, Sagardotegiak, Oindiri bira eta Urruzuno. Lehenengo biak iaz aurkeztu zituzten eta dagoeneko bi-orrikoak Biteri kultur etxean doan eskura daitezke. Bestalde, txango guztiak www.hernani.net webgunetik jaitsi eta inprimatu daitezke.

Bilduma honek Ibilbide Urdinak izena du bidea seinalatzeko markak urdinak eta txuriak erabiltzen direlako. Baina ekimen honen helburua paraje ederrez gozatzea eta naturarekin harremanetan jartzea ez ezik, herriko historia eta kultura herritarrei gerturatzea da.

Izan ere, gida horietan ibilbidearen ezaugarriez gain (kilometroak, bidearen deskribapen zehatza, GPS bidez jarraitu ahal izateko datuak, informazio praktikoa), aurkituko dituzten puntu garrantzitsuenen inguruko azalpenak eta bidean ikusiko denaren hainbat argazki jasotzen dira.

"Zailtasun ezberdineko ibilbide hauen bidez, udalerriko bai kultur -eta historia-intereseko bai balio handiko natur guneak ezagutu daitezke", ziurtatu du Udalak.

Santa Barbara

Gotorlekua eta ermita

Diptikoak azaltzen duenez, "Santa Barbara mendia hernaniar askorentzat mendi buelta txiki bat egiteko ingurune bikaina da", herrigunetik gertu dagoelako. Guztira zazpi kilometroko zirkuitua osatu behar da, bi ordu inguruko paseoa da. 200 metro bakarrik igotzen dira.

Beraz, inongo zailtasunik gabeko ibilbidea da, umeekin egiteko aproposa. Mendi pistetatik eta asfaltozko bideetatik igarotzen da, azkeneko bidezidorra izan ezik. Honenbestez, bizikletaz ere egin daitekeen arruta da.

Lasarte-Oriarekin muga egiten duten bideetatik igarota, mendixka honek izan duen garrantzia historikoa islatzen da. Honela, Santa Barbarako gotorlekua eta ermita, Illarratsuetako ferratokia, La Piedra del Inglés edo Koronelarria eta Karobieta bisitatu daitezke.

Gidan azaltzen denez, ermitatik gertu mahaiak eta iturriak dituen aisialdi gune bat dago. Gotorlekuan bertan taberna-jatetxea ere badago. Ez dago galtzeko arriskurik, baina ibilbidearen zati txiki bat errepidea da, adi egon behar da umeekin joanez gero. Mendiko arropa arina eraman behar da eta prismatikoak eramatea ere gomendatzen da.

Sagardotegiak

Usain gozoak

Hernaniko hainbat sagardotegi lotzen dituen ibilbide honek, baserri eta sagarrondo artetik pasa-tzeko aukera ematen du. "Zailtasun txikiko bide hau txotx garaian sagardotegietara doan jendeari zuzenduta dago batez ere. Herriko plazatik oinez sagardotegietara joateko, edo kotxea bertan utzi, eta oinez bueltatzeko aukera ematen du", proposatzen da. Ziurtatzen dutenez, "hainbat garaitan sagar usain berezia izaten da sagardotegi inguruetan".

Ibilbidearen distantzia 8,6 kilometrokoa da eta bi ordutan egin daiteke. Ia laua da, 150 metroko besterik ez baitira igotzen, baina zenbait aldapa txiki dauzka.

Paseo honetan Portu auzoa eta lonja, Urumea ibaia eta bere zubi esekiak eta Comète sarekoen oroigarria ikus daitezke. Comète sarea II. Mundu Gerran Belgika inguruan aurkitzen ziren britaniar pilotuak Gibraltar eta Portugaleraino eramateko, nazien eskutan eror ez zitezen, sortu zen. Erakunde honetan hainbat hernaniarrek lan egin zuten.

Liburuxkak iturririk ez dagoenez, ura eramatea gomendatzen du. Ez dago galtzeko arriskurik. Mendi bizikletaz bide osoa egin daiteke.

Oindiri Bira

Gure arbasoak

Ibilbide hau kulturalena eta historikoena dela esan daiteke. "Oindiri mendiaren magaletan milaka urteetan zehar gizakiak bere arrastoak utzi ditu: trikuharriak, harrespilak, saroeak edota misterioz beteriko mugarriak...". "Ibilbide honek gure arbasoen bizimoduaren ispilu diren hainbat aztarna ikusteko aukera emango digu, baita Hernaniko baso mistorik handienaren barrualdea ezagutzeko parada ere", jasotzen da ibilbide honen diptikoan.

Bertako puntu interesgarrienak Mugarriluze mugarria, Pozontarriko lepoko trikuharria, Muniskueko multzo megalitikoa eta mugarria, Argurutzeko harkai-tzak eta Ereñotzuko basoa dira.

Ibilbide hau nahiko luzea da, 8,4 kilometro 285 metroko maldarekin. Bi ordu eta 45 minutu behar dira itzulia emateko. Bidea Osinaga auzoko Pardiola-txiki baserrian hasten da. Honaino iristeko kotxea ez da beharrezkoa, baina erdigunetik oinez etortzea erabakitzen bada, beste ordu erdi bat gehitu behar zaio txangoari.

Urruzuno

Erreka garbiak

Ibilbide hau lauetako luzeena eta zailena da, 9,2 kilometro eta 450 metroko malda igo behar baita. Hiru ordu baino gehiago inbertituko ditu mendizaleak bueltan.

"Urteetan zehar basogintzan lan egiten zuen hainbat hernaniarren lantoki izan arren, egun Hernaniko bailara ezezagunetarikoa da. Bailara hau osatzen duten ur-sareko erreka eta erreka ertzak biziki garbiak eta kalitate onekoak dira", azaltzen du diptikoak.

Urruzunoko kokaleku garrantzi-tsuenak Ezteizarko pagadi-hariztia, Jibraltarko mugarria, Mozpelanzokoko harizti mistoa eta Purgatorio bailara dira.

Ez dago iturririk eta bideak lokaztuak egon daitezke. Gainera, basoetan bidea jarraitzea zaila egin daiteke, horregatik GPS edo brujula bat eramatea gomendatzen da.