Síguenos en redes sociales:

Bide segurtasuna hobetzeko plan berezia abiatu dute Azpeitian

Udalak eta Foru Aldundiak erdibana finantzatuko duten egitasmoak 520.000 euroko kostea izango du

Azpeitia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak herriko bide segurtasuna hobetzeko plan berezia abiatu dute. Bi erakundeen artean "erdibana" finantzatuko duten ekimen horrek 520.000 euroko kostea izango du eta Azpeitiko lau gune desberdinetan garatuko da: Enparangain, Akamendi, Landeta eta Loiola.

Planaren baitan aurreikusitako ekimen batzuk errealitate bilakatu dituzte jada eta beste batzuk, aldiz, hurrengo hilabeteetan egingo dituzte. Udaletik azaldutakoari eutsiz, "dagoeneko pultsadore bidezko semaforoak martxan daude Enparangain eta Akamendi guneetan eta Landeta auzoko Asepeyo aurrean".

Azken auzo horretan bigarren semaforoa ipiniko dute, Lau Bide jatetxe parean, "bertan egiten ari diren lanen ondoren".

Azkenik, Loiolako lanak atzo abiatu zituzten. Bertan zebrabide berri bat egingo dute (Loiola Klinika aurrean) eta pultsadore bidezko semaforoa ezarriko dute. Gainera, Kiruri jatetxearen aurrean dauden jardinerak kenduko dituzte eta espaloia berrituko dute, "baranda bat jarriz oinezkoek zebrabidea ez dagoen lekutik ez gurutzatzeko". Xanadu kafetegiaren aurrean ere baranda jarriko dute.