Síguenos en redes sociales:

"Agenda 21 sustatzen den bitartean, ingurumena errespetatzen ez duten azpiegiturak bultzatzen dira"

Ingurumen Eguna ospatzen den honetan, badago Oiar-tzunen egunero garapen iraunkorra lantzeaz ardura-tzen den enpresa bat. Izadi 21 instituzioen koherentzia faltarekin kritiko da: "Agenda 21 sustatzen dute, baina sostengarriak ez diren politikak jartzen dituzte martxan"

"Agenda 21 sustatzen den bitartean, ingurumena errespetatzen ez duten azpiegiturak bultzatzen dira"

Oiartzun. Izadi 21 enpresaren jarduerak garapen iraunkorraren arloko aholkularitzan oinarritzen dira, bere bezeroei, besteak beste, honako zerbitzuak eskainiz: Eskolako Agenda 21 eta Tokiko Agenda 21en aholkularitza, ingurumen hezkuntzako ekimenen antolaketa eta koordinazio lanak. Alabaina, metodologia honen eredu izan nahi du eta horretarako aurten beraien ingurumen kudeaketa sistema arauekin bat datorrela egiaztatzeko ikuskaritza egin du. Maiatzean lortu zuen ISO 14001 ziurtagiria. Enpresaren sortzaileetako bat den Edurne Simónek esparru honen bilakaera azaldu du.

Noiz sortu zen Izadi 21?

2006ko abenduan sortu zen. Martxan jarri genuen Aitor Gonzálezek eta biok eta lanean hasi ginen 2007ko otsailean. Betidanik izan dugu ingurumenarekiko babesaren interesa eta hori da enpresa sortzeko arrazoia. Gainera, aurretik garapen agentzia ezberdinetan lana egin genuen arlo horretan. Pausoa ematea erabaki genuen.

Zuen lanak zehazki zertan datza?

Ingurumen aholkularitza zerbitzua ematera dedikatzen gara, bai Administrazioari, bai eskoleei eta baita enpresei ere. Jorratzen dugun beste arloetako bat garapen iraunkorrarena da, bi ikuspuntuetatik batez ere: Eskola Agenda 21 (eskolekin eta hezkuntza zentroekin) eta Tokiko Agenda 21 (batez ere udalekin eta garapen agentziekin).

Zer esan nahi du garapen iraunkor kontzeptuak?

Herritar guztien bizi kalitatea bultzatzen duen garapen eredu bat da, batez ere garapen ekonomiko orekatu batean oinarritzen dena, gizarte berdintasuna eta ekitatea bultzatzen duena eta ingurumenaz arduratzen dena.

Ba al dago arlo honetarako lekurik lan munduan?

Lana badago. Prozesu hauek 2000 eta 2001 urtean hasi ziren, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek sustatuta, eta azken urteetan bultzada nahiko garrantzitsua izan dute.

Nortzuk dira zuen bezeroak?

Lana egiten dugu batez ere Oarsoaldean, Bidasoa-Txingudi eskualdean eta Tolosaldean. Hauek dira hiru eskualde nagusiak. Esaterako, Aduna, Errenteria, Lezo, Hondarribia eta Irungo udalekin, Bidasoako ospitalarekin eta Tolosaldea eta Oarsoaldea garapen agentziekin egiten dugu lan.

Zaila al da udaletan protokolo horiek barneratzea?

Tokiko Agenda 21ak, herri mailan, udalen lidergoa beharrezkoa du, beraiek koordinazioa eramaten baitute. Hemen garrantzia asko dauka lidergo politikoa eramaten duen arduradunak gaian sinesten duen edo ez. Garrantzitsua da baita Ingurumen teknikaririk edo Agenda 21az arduratzen den pertsonarik dagoen. Nahiz eta politikoak gaian sinestu, ez badauka baliabide teknikorik nekez eramango du aurrera prozesua. Horretarako dago gure enpresa. Teknikaririk ez daukaten udalei sostengu hori ematen diegu eta beste batzuetan, nahiz eta teknikaria egon, prozesuaz arduratzen den kanpoko aholkulari bat behar dute. Agenda 21aren emaitzak eta arrakasta asko aldatzen dira herri batetik bestera faktore hauengatik.

Ikasitakoa eguneroko zereginetan erabiltzen dute?

Batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Adibidez udalen kasuetan oso garrantzitsua da zeharkakotasuna. Ingurumen gaiak ez ditu bakarrik sail horrek aurrera eraman behar, baizik eta sail guztiek. Azken finean garapen iraunkorrak ekonomiari, gizarteari eta ingurumenaren orekari egiten dio erreferentzia. Orokorrean pozik gaude udaletan egindakoarekin.

Non daude gabezia gehien?

Batez ere, lurralde antolamenduko ikuspuntuek koherentzia falta dute. Alde batetik, Agenda 21 ari dira bultzatzen, baina bestetik badaude zenbait azpiegitura, adibidez garraioarekin zerikusia dutenak, suposatzen dutenak lurraren artifizializazioa edo biodibertsitatearen galera. Hauek ez datoz bat garapen iraunkorraren helburuekin. Pixka bat urrun geratzen dira.

Ikasleekin lana egitea errazago suertatzen da?

Egia esan, haurrek oso erraz bereganatzen dituzte garapen iraunkorraren kontzeptuak. Sentsibilizazio arlo horiek gazte garaian lantzen badira, edadez nagusiak direnean errazago eramango dituzte praktikara. Borondate handia daukate. Bestalde, oso garrantzitsua da baita irakasleen inplikazioa. Hauek egindako lanarekin oso kontent gaude.

Maiz gurasoen irakasle bilakatzen dira haurrak.

Bai, kontatzen digute etxera iristen direnean gurasoei birziklatu behar dutela edo iturria itxi behar dutela esaten dietela.

Gaur Ingurumen Eguna da. Zein mezu bidali nahiko zenuke?

Ingurumenaren babesan herritar guztiek badaukagula zer egin, baita enpresek eta administrazioek ere. Guzti honetan herritar partaidetza bultzatu behar da foroak eta mahai inguruak antolatzen.