Segura. Nikolas Iparragirre idiazabaldarra 17 urterekin hasi zen Segura Irratian esatari lanetan, 1973an hain zuzen ere. Zuzenbidea ikasi zuen eta arlo horretan lan egiten du, baina kazetaritza beti gustuko izan du.

Umetatik entzuten al duzu "Segura Irratia"?

Bai. Gurearen tankerako etxeetan beti entzun izan da Segura Irratia.

Abokatua zara lanbidez, baina kazetaritza mundua ere oso gustuko duzu.

Gaztetatik asko gustatu zait kazetaritza: kirol kazetaritza batez ere. Karrera aukeratzeko orduan zalantzak izan nituen. Zuzenbidea hautatu nuen, baina Segura Irratiari esker kazetaritza jorratzeko aukera ere izan dut.

Nolatan hasi zinen "Segura Irratia"n lanean?

On Zesareori idatzi bat bidali nion saio bat egiteko prest nengoela esanez: baietz erantzun zidan eta hala hasi nintzen.

Maisuren bat izan al zenuen?

Kazetari askoren lana hartu dut aintzat, baina ez naiz izen zehatz bat esatera ausartzen. Ondo egiten dutela iruditzen zaidan horiei jarraitzen saiatzen naiz.

Kirol saioak egin dituzu beti.

Txirrindularitza jarraitu dut batez ere. Bailaran egiten ziren probak jarraitzen nituen: Goierriko itzulia, Legazpiko klasikoa, Ordiziako lasterketa, Beasaingoa, Ataungoa… Zuzenean gehien eman dudan kirola txirrindularitza da.

Ba al da bereziki gogoratzen duzun pasadizoren bat?

Goierriko itzuli batean hesi bat saltatzen hasi eta Zumarragako ospitalean bukatu nuen. Orkatila bihurritu nuen eta lasterketa bukatu bezain pronto ospitalera joan behar izan nintzen. Ez dakit lehenengo edo bigarren etapan izan zen, baina hurrengoa muleta eta guzti jarraitu nuela gogoratzen dut. Txorkatileko mina nuen arren, ez nuen kale egin.

Azken hamarkadetan Goierrin atera diren txirrindulari guztiak lagun izango dituzu, beraz.

Hala da. Jokin Mujika itsasondoarra, batez ere, oso gertutik jarraitu genuen. Beraren eta Julian Gorospe bizkaitarraren arteko lehia sekulakoa izan zen. Biek jarraitzaile oso sutsuak zituzten. Oraindik biak amateur mailakoak zirela, e!

Irratian luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?

Indarrak ihes egiten ez didan bitartean. Segura Irratia barru-barruan dudan zer edo zer da. Gainera, egun ardura dut eta ahal dudan bitartean eutsi egingo diot.