Eibar – Helburu berdina, baina arrazoi ezberdinak. Eibar eta Amorebieta irabazteko premia handiarekin iritsiko dira gaur 14.00etan Ipuruan jokatuko duten partidara; alde batetik, talde armaginak igoera zuzeneko postuetatik hurbil jarraitu nahi du eta, bestetik, bizkaitarrak mailari eusteko borrokan murgilduta daude bete-betean.

Joan den astean Albaceten galdu ondoren igoera postuetatik hiru puntura daudelarik, talde gipuzkoarreko entrenatzaile Joseba Etxeberriak, buruhauste nahikoa izango du erdigunea osatzen, funtsezko bi baja izango dituelako.

Alde batetik, Matheus zigortuta dauka txartel horien bigarren zikloa beteta, eta itxura batean Unai Vencedorrek beteko luke haren hutsunea.

Atzealdeko erdiko ardatzean bigarren baja Peru Nolaskoain lesionatua izango da, ezkerreko aduktorea minduta duelako; ziurrenik Sergio Alvarez asturiarrak ordezkatuko du, azken jardunaldietan protagonismoa galdu badu ere.

Gainerako hamaikakoa Etxeberriaren ohikoa izango da, azken jardunaldiotan jokalari berberak erabili izan baititu partiden hasieratan.

Eibarrek eta Amorebietak zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka; armaginak lau aldiz nagusitu dira, bitan berdindu egin dute eta bizkaitarrek garaipen bakarra eskuratu dute. Denboraldi honetako joanekoan armaginek irabazi zuten 1-2. Ipuruan jokatutako azken aurrekaria orain bi denboraldikoa da, eta etxekoek lortu zuten garaipena (1-0), golegile Stoichkov izan zelarik.

Jokoan 15 puntu baino ez daudela salbazioa lau puntura daukan Amorebietak, Valladoliden aurka galdu berritan ekingo dio partidari. Burgosen lortutako azken berdinketaren irakurketa positiboari heldu beharko diote, hiru minutu eskasetan 3-0ekoa jasotzetik 2-2kora pasa-tzeko gauza izan baitziren.

Egoera larrian badira ere, denboraldi gehienean baino hobeto daudela aipatu behar da, sailkapeneko zuloan eta salbaziotik urruti egon direlako luzaroan.

El Plantioko partida irauli zuen heroia Jon Morcillo izan zen, etxekoen hutsak baliatu eta bere jaurtiketa bikainari esker bi gol bikain sartu baitzituen bi minututan.