Unai Vencedor eta Konrad de la Fuente fitxaketa berriak aurkeztu zituen atzo Eibarrek; bata Athleticetik dator eta Olympique Marseillatik bestea, talde horiek utzita, eta “denboraldi ona egin” eta “ahalik eta gorenen” iristen lagun-tzeko asmo sendoarekin etorri dira talde armaginera.

Eibarreko kirol zuzendari César Palaciosek biziki eskertu zuen Athleticek eta Marseillako Olimpiquek bi jokalarien lagapenak gauzatzeko izandako prestasuna, jokalari gazteak izanik dagoeneko” ibilbide oparoa” dutela azpimarratuz.

Unai Vencedor erdilari bilbotarra pozik agertu zen “familia” baten moduko taldera etorri delako, eta Eibarrek lana “oso ongi” egiten duelako. Bere helburuak aipatzeko garaian honako hauek nabarmendu zituen: “ denboraldi ona egin, talde bat izatea, eta ea horrela noraino heltzeko gauza izaten garen”.

Talde armaginarekin sinatzeko orduan Joseba Etxeberria entrena-tzailea ezagutzeak dena izugarri erraztu zuela aitortu du Vencedorrek. Entrenatzaileak zer eskatu zion ere azaldu zuen bilbotarrak: “Ni neu izateko esan zidan, eta futbolaz berriro gozatzeko”.

“Beste eskaintza batzuk ere” izan zituela esan zuen, “baina hauxe iruditu zitzaidan onena”; eta Eibarrek hasiera-hasieratik eskaini dion “konfiantza” azpimarratu zuen. “Nigan jarri duten konfiantza zelaian itzuli nahiko nieke; oso klub ona da, eta futbolaz berriro gozatu eta nire bertsiorik onena emateko leku aproposa dela iruditzen zait”.

Konrad de la Fuente estatubatuarrari dagokionez, Eibarri “goren-gorenera iristen laguntzeko” etorri dela adierazi zuen hegalekoak.

Olympique Marseillak utzitako jokalariak azaldu zuenez, hobekien egiten dakien horixe egiteko eskatu omen dio talde teknikoak, alegia, aurkarien defentsei zuzenean eta etengabe aurrez aurre eraso egiteko.

Bere ezaugarrien artean, jokalari “azkarra” dela nabarmendu zuen, eta “maila fisikoan” beti dena ematen saiatzen direnetakoa.

Konradek berak, “oso jokalari bertikala eta azkarra” zela esan zuen. “Fisikoki oso ondo nago, asko entrenatu naiz, eta erritmoa hartzeko partidak falta bazaizkit ere, azkar harrapatuko dudala esango nuke”.

Kirol zuzendariak honela definitu zuen estatubatuarra: “erasoko hegal bietan joka dezakeen jokalaria da, ausarta, indartsua, bertikala, eta beti buruz-burukoaren bila ibiltzen dena. Aurreko denboraldiaren amaieran egindako hausnarketetan, alor hori hobetzeko premia antzeman genuen. Eta behin Konrad ekartzeko aukerarik bazegoela ikusita, lanari ekin genion”.

Palaciosen ustez, Eibarrek dagoeneko talde oso lehiakorra du, talde armaginarentzat bihar bertan Santanderren hasiko den denboraldiari berme osoz aurre egiteko. Inolaz ere, ez zuen baztertu, merkatuaren arabera, oraindik ere bestelako mugimendurik izatea.