Realak Tenerifen Granadillaren aurka bihar (21.00etan) jokatuko duen Ligako norgehiagokaren atariko prentsaurrekoan, Natalia Arroyok berriro azpimarratu zuen, Barçaren kontra galdutako Superkoparen finalean talde txuri-urdinak joan den astean eskainitako irudiaren garrantzia. “Valentziko porrotaren ondoren, geu ez ginela izan esaten genion elkarri. Azken bi partida hauetan geure onera itzultzeko gauza izan gara, Reala zer den antzeman zaigu. Geure izaera berreskuratu dugu eta hori oso garrantzitsua da aurrera egitekotan”, adierazi zuen entrenatzaile kataluniarrak. Arroyok gaineratu zuenez, “Barçari irabazteko ilusioarekin joanda ere, harro zerk sentiarazten gaituen konprenitzeko prozesu horretan gabiltza. Eta alde horretatik, balantzea oso positiboa da”.

Kanariar Uharteetako partidari buruz, “talde ordenatua da eta ez da erraza haiei min egitea”, esan zuen. “Zelai zaila da. Indartu egin dira merkatu honetan, taldeari fisikoa gehituz. Eremu guztietan oso ondo egon beharko dugu”.

Natalia Arroyok Gaby Garciaren lesioa ere izan zuen hizpide: “Ez irabazteaz haratago, Gaby Garciaren lesioa izan zen Superkopako finalak utzitako ondoriorik negatiboena. Berehala jabetu zen zerbait arraroa sumatu zuela, oso mugimendu itsusia izan zen, eta iritsi bezain laster berretsi digute lesioaren larritasuna. Baja garrantzitsua da, talde barruan oso profil berezia duelako; jokaldiak amaitzen badaki, bertikala da oso, eta aurreko denboraldian baino gol gehiago sartzen ari zen”.

Eta venezuelarraren eta Cecilia Marcosen iraupen luzeko bajak kontuan izanik, norbait ekartzeko aukera aztertzen ari ote diren galdetuta zera esan zuen: “Eseri eta gure egoera zein den tentuz aztertuko dugu. Gure ohiko jarrera B taldeari begiratzea izaten da, baina filialaren prozesua errespetatzen ere jakin behar dugu. Zenbakiak nola dauden ikusi, kontuak atera, eta inguruan zer daukagun aztertu beharko dugu. Ikusi egin behar ezer egiteko astirik ba ote dugun”.