2019an Erreginaren Kopa lortu ondoren, Realak bere historiako bigarren tituluaren jaso nahi du. Oraingo honetan, Superkopa izango da, eta 2023ko lehen titulua lortu nahiko duen Bartzelona izango du arerio. Final handia 12:00etan hasiko da Extremadurako Merida hirian. Ligako txapeldunorde izateagatik txartela eskuratu zuen Realak badaki zer den lehiaketa honetako partida erabakigarria jokatzea, baina 2020ko hartan, orduan ere Barçaren aurka, lehiaketa honetako hirugarren garaikurra altxatu nahiko duen talde katalanak, jipoitu egin zituen Salamancan (10-1). Aukera ona dute, beraz, txuri-urdinek, galera hartaz libratu eta burua altxatzeko. 

Gainera, denboraldi honetan bertan Bartzelonaren eta Realaren arteko azken aurrekariak, orain ia hiru urte bizi izandako partidaren oso bestelakoa ikusteko itxaropena piztu du. Izan ere, abenduaren 3an Estadi Johan Cruyffen jokatutako Ligako norgehiagokan, 2019an zelaia inauguratu zenetik Bartzelonaren garaipen osoko bolada apurtzeko zorian egon baitziren Natalia Arroyoren neskak. Txuri-urdinek aurrea hartu zuten Jade Le Guillyk sartutako golarekin, baina azkenean ezin izan zuten emaitza positiborik lortu, soropilean ondo merezi arren. 

Irene Paredesek 59. minutuan txartel gorria ikusi ondoren jokalari bat gutxiagorekin iragan ostegunean Real Madrili luzapenean irabazi zion talde blaugranak, eta aurrez aipaturiko Bartzelonako partidan, Jonatan Giraldezek zuzentzen duen taldeak sufrimendu handiz lortu zituen hiru puntuak Lucy Bronzek 89. minutuan sartutako golari esker (2-1). Aldez aurretik, Marta Torrejonek berdindu zuen Le Guillyk sartutako gola. 

Beraz, finalerdian gorriak ikusita iritsi da Bartzelona Superkopako finalera. Gorri-urdinak 3-1 nagusitu zi-tzaizkion Real Madrili, arauzko 90 minutuak berdinketarekin amaitu eta gero. Realak, berriz, 1-0 irabazi zion Sporting de Huelvari, Alejandra Bernabek bigarren zatian sartutako golari esker. Markagailuan garaipena estua izan bazen ere, gipuzkoarrak nagusi izan ziren asteazkenean jokatutako lehen finalerdian, eta golak sartzeko aukera ugari izan zituzten. Aste beltzari buelta emateko norgehiagoka izan zen hura, talde txuri-urdinak Atletico Madrilekin Kopan galdu eta Ligan Valentziaren zelaian aste berean galdu ondoren.

Bajak

Natalia Arroyok ez du final handi honetan jokatzeko moduan izango Cecilia Marcos aurrelari donostiarra, lesionatuta dagoelako.

Bartzelonan, aldiz, finalerdian txartel gorriarekin egotzi zuten Irene Paredes legazpiarrak ezingo du finala jokatu zigortuta dagoelako. Bartzelonan min hartuta daudenak honako hauek dira: Cata Coll atezaina, Jana Fernández atzelaria, Ingrid Engen eta Alexia Putellas erdilariak, eta Caroline Graham Hansen eta Bruna Vilamala aurrelariak.

Batzuek eta besteek dituzten baja horiek ez diote batere distirarik kenduko, palmaresera titulu berri bat gehitzeko asmoz Realak ilusioz gainezka aurre egingo dion final ederrari. 

AUKERAKO HAMAIKAKOAK

Real Sociedad Elena Lete; Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabé; Iris Arnaiz, Eizagirre, Gema Gili; Mirari, Amaiur Sarriegi, Franssi.

Barcelona Sandra Paños; Bronze, Torrejón, Mapi León, Rolfö; Walsh, Aitana, Patri Guijarro; Crnogorcevic, Geyse, Pina.

Epailea Marta Frías Acedo (Aragoiko Batzordekoa).

Ordua/Telebista 12:00etan. Teledeporte.