Donostia – Realak ezin izan zuen Sentimendua Kopa irabazi. Talde txuri-urdina galtzaile izan zen Taxoaren jokatutako finalean Real Madriden aurka (0-3) eta txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen ostiralean Levanteri(3-2) irabazi ondoren.

Real Madrid aurkari gogorregia izan zen txuri-urdinentzat. Gipuzkoarrek denboraldi-aurreko bigarren partidua jokatu zuten atzo, eta faltan ziren hainbat jokalariren hutsuneari aurre egin behar izan zioten. Natalia Arroyo entrenatzaile txuri-urdinak, ez zituen jokatzeko moduan izan Adriana Nanclares, Izarne Sarasola, Ana Tejada eta Mirari Uria internazionalak, Espainiako 20 urtez azpiko selekzioak deituta daudelako, min hartuta dagoen Elene Lete, ezta selekzioekin ibili zirelako oraindik ere oporretan diren Amaiur Sarriegi, Vanegas, Sanni Franssi edo Gaby ere.

Talde zuria jaun eta jabe izan zen lehen minutuetatik. Jokoan soilik hiru minutu zeramatzatenean, arearen aurrealdetik Olatz Santana gainditu zuen Estherrek madrildarren lehen gola lortuz.

Realak nekez atera ahal izan zuen baloia atzealdetik jokatuta, eta Real Madriden presioak Caroline Weir eskoziarraren gola ekarri zuen 28. minutuan.

Jokoan ordu erdia zeramatela, aldea murrizteko aukera ederra izan zuen Nerea Eizagirrek, baina bere jaurtiketa ez zen sarera iritsi, eta Real Madridek partida erabakita utzi zuen atsedenaldira iritsi aurretik. Korner batean sartu zuen Rociok 0-3koa.

Aldageletara joaterako, Levanteren aurka gola sartu zuen Egigurenek talde zuriaren ateko langaren gainetik bidali zuen erremate dotore bat.

Norgehiagokaren bigarren zatia orekatuagoa izan zen, hainbeste gol aukerarik gabekoa, ordea. Realeko jokalariek hobeto kontrolatu zuten aurkaria, eta lehen zatian baino sentsazio hobeekin lehiatu ziren, baina ezin izan zuten markagailua txukuntzeko golik sartu.

Txapelketaren hirugarren postua Levantek eskuratu zuen, 26 penalti jaurtiketa egin ondoren Osasuna mendean hartuta.

Talde txuri-urdinak larunbatean Lerinen izango du hurrengo hi-tzordua, Osasunarekin eta Eibarrekin jokatuko duen hiru taldeen arteko lehian.

Real 0

Real Madrid 3

REAL Olatz Santana (Alazne, 66. min), Viles, Etxezarreta (Maddi, 46. min), Specht, Bernabé (Etxebeste, 46. min), Iris Arnaiz, Egiguren (Estrada, 46. min), Aparicio, Gemma (Uranga, 66. min), Nerea Eizagirre (Maren, 66. min) eta N. Sarriegi.

REAL MADRID Misa (Sofia, 77. min) K. Robles (Lucía, 46. min). Kathellen (Pichi, 57. min), Rocio (Ivana, 46. min), Svava (Olga, 77. min), Zornoza (Lorena, 57. Min), Feller (Moller, 46. min), Toletti (Carla, 77. min), Weir (Teresa, 46. min), Athenea (Paula Partido, 57. min) eta Esther (Nahikari, 57. min).

Golak 0-1: Esther, 3. Min.; 0-2: Weir, 28. min.; 0-3: Rocio, 38. min

Epailea Cebollada López. Ez zuen txartelik erakutsi.

Jazoerak Taxoareko instalazioetan jokatutako partida.