uskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da Tanta, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. Halaxe azaldu dute Ikastolen Elkarteko eta lurralde bakoitzeko ikastolen aldeko jaietako ordezkariek.

Hori horrela, txartel batzuk jarri dira herritarren esku eta herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, Tanta txartel bakoitzeko. Txartelak eskuratuta, 60.000euroko zozketan parte hartzeko zenbakia ere eskuratzen da.

"Tanta txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak", esan dute.

Tanta ikastolen jaien ekimenez sortu bada ere, ikastola guztien egitasmoa da. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da ekimena. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek bana-tzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean. Tanta egitasmoarekin Ikastola eredua ere azaldu nahi dute; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi dute. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

Argitxo iratxoa

Tantaren ekitaldi honetarako hautatutako pertsonaia Argitxo iratxoa da. Argitxo, beti kriseilua eskuan duela, ikastolako haurren iratxo maitagarria da. Osoto txikia, edozein txokotan gordetzen da, eta haurrek egiten eta esaten duten guztia ikusi eta en-tzuten du. Euskaraz daki bakarrik, eta, horregatik, haurrek esaten dutena arrotz egiten bazaio eta ulertzen ez badu, oso triste jartzen da. Haurrek, noski, euskaraz egiten dute, Argitxo pozik egon dadin. Euskaraz Bizi proiektuaren barruan kokatua, berehala egin zen ikastoletako haurren bihotzen jabe. Halaxe irauten du orain ere, eta halaxe kantatzen diote: "Harri murri zapero, bero-bero-bero, haurrak egin euskaraz orain eta gero!".Txartelak jada eskuragarri dira ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, 60.000 euroko sariaren zozketa 2022ko ekainaren 24ean egingo da notario aurrean.