Hizkuntza, kultura edota nortasuna sustatu eta defendatzen duten ekitaldi eta proposamenek atxikimendu handia lortzen dute herritarren artean. Are gehiago Euskal Herriaren kasuan, non euskararen aldeko mugimenduak masiboak izatea lortzen duten eta, pandemia garaian ere, talde esfortzuak jardunaldi garrantzitsuak aurrera ateratzea lortzen duen.

Bihar izango da Gipuzkoako ikastolen egun handia, euskal kultura eta hizkuntza aldarrika-tzeko eguna. Goierriko hiru ikastolek hartu dute aurtengo edizio berezia antolatzeko ardura. Batera, bagara, bat gara lelopean, Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito, eta Ordiziako Jakintza ikastolek “poza eta harrotasuna” adierazi dute.

Honakoa 44. edizioa izango da eta honekin Kilometroak bere jatorrira itzuliko da, izan ere, 1977an, bertan hasi baitzen ikastolen jai handia. Lehenengo Kilometroak Josu Erguin beasaindarrari bururatu zitzaion, ikastolen aldeko finantzaketa lortzeko. Euskaldun sentimendua beharrezkoa zen unean sustatzeko balio zuen, eta geroztik urtero egin da, baita pandemia garaian ere.

Iazkoan, ordea, jaialdiak eredu berriari heldu zion, ekitaldi nagusiaz gainera, aurreko asteetan ere Kilometroen inguruko ekintzak antolatuz. Pandemiak eredu berria bere osotasunean martxan jartzea oztopatu badu ere, antolatzaileak pozik daude bai iazkoa bai aurtengoa “duintasunezko” edizioak izatea lortu dutelako. “Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa”, adierazi du Nekane Artolak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak.

Egun handia, bihar Ordizian

Gauzak horrela, aurtengo Kilometroak ez da izan jardunaldi bakarrekoa, eta hori lagungarri izan daiteke pandemia garaian: “Ospakizun erraldoietarako unerik ez da”, onartu du Artolak. Hori horrela, irailean zehar hainbat ekin-tza antolatu dira. Batetik, Kilometroak bidea erakusketa ibiltaria antolatu dute hiru herrietan. Irailaren 13tik 17ra Ordiziako Barrena Jauregian egon da; 20tik 24ra Beasaingo Usurbe Antzokian; eta 27tik urriak 1 arte Lazkaoko udaletxean. Horrez gain, Bat gea! bertso saio musikatuak egon dira azkeneko asteetan hiru herrietan.

Bestalde, pasa den ostegunean hezkuntza sistemari buruz hausnartzeko foroak antolatu ziren hiru ikastoletan, Ikastolen Elkarteko Bihar proiektuaren baitan.

Gaurko eguna ere berezia izango da: 11.00etan euskal joko eta kirolak egongo dira Ordizian; ordu berean, Haatik dantza talde garaikidearen emanaldia Beasainen; eta 13.00etan Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua Lazkaon.

Ekitaldi nagusia, berriz, bihar izango da, Ordiziako Saninazio eraikinean. Edukiera mugatua izango da (ikastola bakoitzetik 30 lagun joan ahal izango dira) eta ekitaldi instituzionalaz gainera, Ibarrako Uzturpe ikastolak lekukoa hartuko du. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, lekukoa Lazkaotik abiatuko da, Beasain eta Ordiziaraino, giza kate bat osatuz. Horrez gainera, Euskara jolas ekintza egingo da Ordizia, Beasain eta Lazkaon haur eta gazteentzako. Parte hartzeko aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da, kilometroak.eus webgunean.