Eusko Jaurlaritzako plantillak urtarriletik aurrera ekin ahal izango dio berriro telelanaren sistemari, eta aukera horretaz baliatu ahal izango dira, orain arte egin zezaketen langile teknikoez gain, administrari laguntzaileak, administrariak eta burutzak.

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan telelanaren eta lan ez-presentzialaren lan-modalitateak arautzen dituen Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialean joan den uztailaren 21ean hartutako erabakia.

Akordioak ez zuen ELAren babesik izan, eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten. Dekretuak oinarrizko arau-esparru bat ezartzen du, euskal sektore publiko osoari aplikatu beharreko erreferentziazko gutxieneko komun batzuk finkatzen dituena.

Akordio horrek "gardentasuna, ekitatea eta segurtasun juridikoa" bermatzen ditu telelanaren ezarpenean, eta bizitza profesionala eta pertsonala uztartzeko langileek egindako aldarrikapenari erantzuten dio, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Hala, erregulazio horren bidez, Administrazio Orokorreko langileei telelana baimentzeko prozedurak eta irizpideak ezartzen dira, bai eta noizbehinka eta inguruabar jakin batzuk kontuan hartuta lan ez-presentziala baimentzeko prozedurak eta irizpideak ere.

BERRIKUNTZA NAGUSIAK

Langile publikoek astean bi egunetan lan egin ahal izango dute modu ez-presentzialean, eta modalitate hori 'online' bidez egin daitezkeen zereginak dituzten langile guztiei zabaldu zaie, betiere zerbitzu publikoa behar bezala ematea bermatzen bada.

Zerbitzuak ohiko etxebizitzaz bestelako batean eman daitezke, lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko, eta kasu batzuetan malgutu egin da modalitate hori eskuratzeko urtebeteko baldintza, eta sei hilabetera murriztu ahal izango da, autonomia-erkidegoko Administrazioak urtero deituko dituen hautaketa- eta hornidura-prozesuen ondoren.

Era berean, langileen eta arduradunen beharretara egokitutako prestakuntza-ikastaroak eskainiko dira (IVAPek antolatutako prestakuntza-gune berria), eta irailaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri.

Sei hilean behin elkarren segidako hiru deialdi argitaratzea erabaki da, eta, horiek amaitu ondoren, deialdi ireki bat arautuko da.

Lehenengo deialdia urriaren 3an argitaratuko da eta, beraz, egun horretatik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Prozedura erabat telematikoa ezarri da, eskaerak izapidetzeko. Eskaerak izapidetu ondoren, Eusko Jaurlaritzak urtarriletik aurrera telelanaren modalitateari ekingo dio berriro.