Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 141 milioi euro baino gehiagoko laguntza eta programa sorta bat onartu du 2025 eta 2027 bitartean, enplegua, digitalizazioa eta langabeak lan merkatuan sartzea sustatzeko.
Jarduera-ildo nagusia 88,5 milioi eurokoa da, eta Lanbideren aurrez aurreko eta urrutiko prestakuntza-planak finantzatzera bideratuko da 2027ra arte, langabeek beren kualifikazioa hobetu ahal izan dezaten, batez ere eskari handiagoa antzeman den sektoreetan.
Gainera, landunen prestakuntza-programarako laguntzen oinarriak onartu dira. Ildo horrek 31,8 milioi ditu, eta langile horien gaitasunak hobetzea eta sektore estrategikoen eskarira egokitzea du helburu, hala nola zainketetara. Sektore turistikoaren gaitasun digitalak ere sustatu nahi dira. Horretarako, 1,9 milioi euro baino gehiago inbertituko dira langileen, gazteen eta ETE-en prestakuntza-ekintzetan.
Deialdiak
Hiru prestakuntza-deialdi horiek Eusko Jaurlaritzak joan den asteartean onartutakoei gehitu behar zaizkie; izan ere, 15 milioi euroko prestakuntza-ekintzak egingo dira Hezkuntza Sailarekin eta HABErekin lankidetzan, lan-esperientziaren eta hizkuntza-gaitasunaren bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko.
Beste ardatzetako bat ekintzailetza sustatzea da. Horretarako, 3,9 milioi bideratuko dira, enpresa-ideia bat garatu, proiektu bat abian jarri eta enpresa-jarduera bat sendotu nahi dutenei laguntzeko.
Bestalde, Lanbidek 30.000 euroko dirulaguntza eman dio Euskaliti, Kalitatea Sustatzeko Euskal Fundazioari, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen artean ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzeko eta belaunaldien arteko erreleboa egiteko sare bat sortzeko. Deialdi berri horien zati bat Europako Gizarte Funtsak eta Next Generation funtsek finantzatzen dute.