2023ko minimoetan jarri ditu tasa EBZk
Merkatuen aurreikuspena bete, eta oinarrizko 25 puntutan murriztu zituen interes-tasak ostegun honetan Europako Banku Zentralak (EBZ). Mugimendu horren ondoren, diruaren prezioa %2,75ean utzi du, 2023ko otsailetik izan duen mailarik baxuenean.
Donald Trumpen ohartarazpenak gorabehera, aurreko egunean AEBetako tasak %4,25 eta %4,5 artean mantentzea erabaki zuen Erreserba Federalak (Fed) ez bezala, EBZren Gobernu Kontseiluak jarraian laugarrena izango den beherapena onartu zuen. “Zehazki, gordailutzeko erraztasunari aplikatu beharreko interes tasa murrizteko erabakia, inflazio aurreikuspenen, azpiko inflazioaren dinamikaren eta diru politikaren transmisioaren intentsitatearen ebaluazio eguneratuan oinarrituta hartu dugu”, argudiatu zuten erakunde jaulkitzailetik.
Desinflazio prozesua beraien proiekzioen arabera garatzen ari omen da, eta, ondo bidean, urte honetan zehar itzuliko da, epe ertainean, %2ko helburura. Gainera, azpiko aldagaiaren adierazle gehienek erakusten dutenez, helburu jarritako datuaren inguruan “modu iraunkorrean” egonkortzekotan da, moneta-erakundearen iritziz. Inolaz ere, barne inflazioak “oso goian” jarraitzen duela uste dute, soldatak eta sektore batzuetako prezioak oraindik ere aurreko igoera inflazionistara “atzerapen nabarmenarekin” egokitzen ari direlako.
Bilera osteko prentsaurrekoan EBZko presidente Christine Lagardek argi utzi nahi izan zuen erakundea “eroso” dagoela egungo tasen “beheranzko ibilbidearekin”, eta oraindik ez direla eztabaidatzen hasi jaitsierak noiz etengo dituzten. Bere hitzetan, “Oraingoz goizegi litzateke”, oraindik erakundea ez baitago hazkunde ekonomikoarekin eta inflazioaren kontrolarekin bat datorren interes tasa neutraletik hurbil.
Euroguneak baretu beharko dituen “kontrako haizeak” ere hizpide izan zituen ordea, Lagardek; izan ere, %7 soilik hazita, euroguneko ekonomia geldotu egin baitzen 2024ko laugarren hiruhilekoan, eta epe laburrean “ahul” jarraitzea espero omen du, desinflazio prozesua ondo bideratuta dagoela defendatu arren.
Urtearen amaieran euroaren ekonomia ahuldu arren, “suspertzeko baldintzak bere horretan jarraitzen dute”, eta nabarmentzekoa da lan merkatuaren sendotasuna, abenduan langabeziak gora eginda ere (%6,3); gainera, benetako diru sarreren hazkundeak eta diru politika murriztailearen ondorioak pixkanaka desagertzeak, denboran aurrera egin ahala eskaria berreskuratzea babestu beharko lukete.
Temas
Más en Economía
-
“La reforma fiscal no afectará al tejido productivo guipuzcoano porque invierte y está en continua renovación”
-
"El pilar del caserío", por Xabier Iraola
-
EE.UU. y China concluyen el primero de dos días de negociaciones sobre aranceles en Suiza
-
Los arrantzales de Gipuzkoa homenajean a Eugenio Elduayen