Estatuko sei banku nagusiek, Santanderrek, BBVAk, CaixaBankek, Sabadellek, Bankinterrek eta Unicajak, 19.761 milioi irabazi dituzte urteko lehen bederatzi hilabeteetan, pasa den urteko baina %23,6 gehiago, hori guztia interes-tasen igoerak lagunduta. Banco Santanderrek 8.143 milioiko emaitzak lortu ditu, hau da %11,3ko hazkundea, batez ere Estatuan bertan lortutako diru-sarreren hobekuntzari esker. Gauzak horrela segituko balute, urte osoan 10.000 milioitik gorako emaitza lortuko lituzkete, marka berria bat hautsiz.

Beraz, 2007an garai hartako presidenteak, Emilio Botin zenak, finantza-krisia piztu aurretik finkatutako mugarria lortuko du taldeak. Hamasei urte pasa dira, eta Banco Popular bere perimetroaren barruan dagoela, Ana Botin alaba eta ondorengoak lortuko du helburua. Emaitza 11.000 milioira ere hurbil daiteke, interes-tasen igoerak erraztu egingo diolako bankuari %15 inguruko errentagarritasuna lortzeko bidea; hain zuzen ere Hector Grisi kontseilari delegatuak joan den astean analistei zein pren-tsaurrekoan baieztatutako jomuga.

Ondoren dator BBVA; atzo iragarri zuenez, 5.961 milioiko irabaziak izan omen ditu aurtengo urtarriletik irailera bitartean, %24,3 gehiago, eta nagusiki diru-sarrera errepikarien sendotasunari esker. Euren jarduneko errentagarritasuna %17ra iritsi denez, “Europako banku errentagarrienetako bat” direla nabarmendu du entitateak. Mozkin handienak lortu dituen hirugarren taldea CaixaBank izan da, urtarriletik irailera 3.659 milioi irabazita, %48,2 gehiago, hauek ere interes-tasen gorakadak bultzatuta. Inolaz ere, Gonzalo Gortazar kontseilari delegatuak salatu egin nahi izan zuen, bankuen gaineko zerga dela eta euren sektoreak “bereizkeria gehigarria” jasaten duela.

Sabadellen kasuan, banku horrek ere marka berria erdietsi du, urtarriletik irailera 1.028 milioi irabazita, aurreko urtean baino %44,9 gehiago; zifra horrekin 2006an lortutako emaitza-markarik onena gainditzea lortu du, orduan 908 milioi irabazi baitzituen. Ezin aipatzeke utzi, orduan erakundearen perimetroa askoz txikiagoa zela, CAM bateratu gabe zegoelako. Bankinterrek berak ere errekor berria ezarri du, irailera bitartean 685 milioiko irabazia lortuta, %59 gehiago, euroguneko interes-tasen bilakaerari eta merkataritza-bultzada handiagoari esker negozio-linea guztietan diru-sarrerak hazi ondoren.

Eta seigarrena den Unicaja Bancok, 285 milioiko irabaziak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, ia %5 gehiago, nahiz eta bankuei ezarritako aparteko zergaren eraginik gabe, emaitza hori 349 milioikoa izango litzatekeen, %28,4 handiagoa, alegia.

Inolaz ere, emaitzak hobetu eta mozkin aberatsak lortu arren, sektoreari ezarritako zerga berezia kritika-tzen jarraitu dute bankari nagusiek, eta are gehiago zerga hori denboran luzatzeko aukera. Etekinak apartekoak ez direla adierazteko gehien erabili duten argudioa honako hauxe izan da: alegia, errentagarritasuna, nabarmen hobetu bada ere, oraindik ez dela nahikoa inbertitzaileen kapitala erakartzeko. Horren erakusgarri, bankuek euren kontabilitate-balioaren azpitik kotizatzen dute burtsan, eta, azaldu dutenez, errentagarritasunak kapitalaren kostua estaliko ez lukeelako gertatzen da hori. Azpimarratzekoa da Espainiako Bankuak zalantzan jarri duela baieztapen hori Finantza Egonkortasunari buruzko azken txostenean.