Espainiako Bankuak atzo eguneratutako datuetatik ondoriozta daitekeenez, familien gordailuek 2022. urtea bilioi eurotik gorako maximoan itxi zuten bitartean, uztaileko datuek 984.800 milioira jaitsi direla erakusten dute. Azken urtean (2022ko uztailetik 2023ko uztailera), gordailu horien murrizketa 12.600 milioi ingurukoa izan da, %1,3ko jaitsiera, beraz.

Enpresek are gehiago erretiratu dituzte gordailuak, uztailean guztizkoa %4,2 murriztu baitzen aurreko urtearekin alderatuta. Oro har, urtea hasi zenetik, familiek pixkanaka eta etengabe atera dute dirua euren kontuetatik, apirilean eta ekainean izan ezik.

Arrazoia

Fondoak erretiratzearen arrazoia inflazio handiak eragindako gastu-hazkundeari aurre egitea da (familiek gehiago gastatu behar izaten dute erosketei aurre egiteko), baita aurrezkiei errentagarritasun pixka bat ateratzen lagunduko dieten produktuak aurkitzeko beharra ere.

Izan ere, banka handiak orain arte gordailuak ordaintzeari uko egin dionez, familiek euren aurrezkiak fondoetara edo errentagarritasun pixka bat eskaintzen duten beste produktu batzuetara intsuldatzeko joera hartu baitute, esate baterako Altxorraren Letretara.

Norabide aldaketa antzematen da, beraz, orain gutxira arte etxeetako gordailuak modu iraunkorrean handitzeko izandako joerarekin alderatuta, 2020ko martxoan lehertu zen covid-19aren pandemia eragin zuen krisi ekonomikoak okerrera egin ahala, gastatzeko orduan zuhurtziazko jarrera nagusitu baitzen.

Ezin ahaztu, pandemiak iraun zituen hiru urteetan (2020-22), familiek %17,7 handitu zituztela bankuetan gordailututako aurrezkiak, inoiz ez bezala bilioi eurotik gora izateraino.

Aurrezkien errentagarritasuna

2022ko abuztuan, ordea, inflexio-puntu bat nabaritu zen, hilabete horretan 3.800 milioi gordailu inguru erretiratu baitziren. Urte horretako irailean eta urrian ere saldoa murriztu egin zen, baina azaroan eta abenduan hazi egin zen berriro.

Nolanahi ere, 2022an, Espainiako etxeek banku-gordailutan aurreztutako dirua ia %4,6 igo zen urte batetik bestera, eta lehen aldiz gainditu zuen bilioi bat euroko kopurua urtea ixtean, ordurako eurogunean interes-tasak igotzen hasiak zirelarik.

Garai horretan, ia zeroko tasarekin hamarkada bat eman ondoren, Europako Banku Zentrala (EBZ) interes-tasak igotzen hasi zen 2022ko udan, itxura batean datozen hilabeteetan bere horretan jarraituko duen goranzko bideari ekinez.

Igoera horiek Euriborrak gora egitea eragin zutenez, baita hipoteka aldakorren hileko kuotek ere, eta Sanchezen Gobernuak esku hartu behar izan zuen, bankuek familia ahulenei hipotekak ordain-tzea errazteko neurriak bultza zitzaten.