Alemania atzeraldian sartu dela aurtengo lehen hiruhilekoan baieztatu zuen atzo Estatistika Bulego Federalak (Destatis), urteko lehen hiru hilabeteetako BPGren datuak behera egin duela ikusirik, -%0,3raino, hasieran aurreikusitako geldialdiaren ordez.

Gauzak horrela, jarduerak behera egin du bi hiruhilekotan jarraian, 2022ko laugarren hiruhilekoko datua -%0,5ekoa izan baitzen.

Ruth Brand Estatistika Bulego Federaleko presidenteak azaldu duenez, “2022aren amaieran BPGren hazkundea datu negatiboan kokatu ondoren, Alemaniako ekonomiak bi hiruhileko negatibo izan ditu jarraian.

Beraz, Alemaniako ekonomiak izan du portaerarik txarrena euroguneko ekonomia handien artean; izan ere, Espainia eta Italia %0,5 hazi baitira, Frantzia %0,2, eta euroguneko batez bestekoa %0,1ekoa izan da. Bestalde, Estatu Batuetako BPG %0,3 hazi da lehen hiruhilekoan.

Bere azterketan, Alemaniako ekonomiarentzat prezioen igoera handiek eragindako kaltea nabarmen- tzen du Destatisek, etxeetako azken kontsumoko gastuan islatu zelako bereziki, 2023ko lehen hiruhilekoan %1,2 jaitsita.

Erosterako orduan etxeen errezeloa nabarmena izan zen 2023ko lehen hiruhilekoan elikagaietan eta edarietan, baita arropa eta oinetakoetan ere, gastua uzkurtu egin baitzen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Horiez gain, familia alemaniarrek auto berri gutxiago erosi dituzte, eta horren arrazoia, ziurrenik, 2023aren hasieran hibrido entxufagarriak erosteko diru-laguntzak eten izana, eta ibilgailu elektrikoentzako laguntzak murriztea izan liteke.

Bestalde, Gobernuaren beraren azken kontsumoko gastua ere nabarmen jaitsi zen 2023ko lehen hiru hilabeteetan, aurreko hiruhilekoarekiko %4,9ko uzkurtu zelako.

Aitzitik, 2022ko laugarren hiruhilekoaz geroztik inbertsioa hazi egin dela nabarmendu du Bulegoak; kapital finkoaren eraketa gordina hazi egin zen eraikuntzan (+%3,9), neurri batean 2023ko lehen hiruhilekoan izandako giro onaren ondorioz, eta makinerian eta ekipamenduan ere, kapital finkoaren eraketa gordina nabarmen handiagoa izan zen urte hasieran (+%3,2).

Gainera, kanpo-merkataritzak ekarpen positiboak erregistratu ditu; izan ere, 2022ko laugarren hiruhilekoaren aldean, ondasunen eta zerbitzuen esportazioak %0,4 gehitu baitziren. Aitzitik, inportazioak %0,9 jaitsi ziren, neurri batean erregai mineralen inportazioak murriztu zirelako: petrolio gordina eta petroliotik eratorritako produktuak, eta produktu kimikoak.

Inolaz ere, Destatisek nabarmendu egin nahi izan du, lehen hiruhilekoan jarduera ekonomikoa 45,6 milioi landunekin burutu zela Alemanian, eta datu horrek, aurreko urtean baino 446.000 langile gehiago daudela erakusten du (% 1).

Batez beste, landun bakoitzak lan egindako orduen kopurua 2022ko lehen hiruhilekoaren antzekoa izan zen (-%0,1); aldiz, ekonomiaren lan-bolumen orokorra %0,9 igo zen.

Lan-produktibitate globala (landunek lan egindako orduko BPGd zuzendua) %1 jaitsi zen aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta landun bakoitzeko lan-produktibitatea %1,1 txikiagoa izan zen urte arteko konparaketan.