Donostia – %18 murriztu dira udako lehen bi hilabeteetan –ekainean eta uztailean– astebetetik beherako kontratuak, oso iraupen laburreko 659.435 lan-akordio pilatuz, iazko aldi berean 804.999 izan zirenean. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) kontratuen estatistikan zehazten denaren arabera, astebetera iristen ez ziren 301.038 kontratu sinatu ziren uztailean, aurreko urteko hil berean –lan-erreforma indarrean sartu aurretik– 396.009 izan zirenean, %24ko jaitsiera erakutsiz.

Aurtengo ekainean, zazpi egunez azpiko iraupena zuten 358.397 kontratu zigilatu ziren, eta horrek %12,3ko jaitsiera adierazten du 2021eko hilabete berarekiko, orduan 408.990 sinatu baitziren.

Iraupen laburragoko kontratuen beherakada hori urtarrilean indarrean sartu zen lan-erreforman sartutako neurrien isla da. Erreforma horrek, batetik, aldi baterako kontratuen erabilera eta modalitateak murrizten ditu, eta, bestetik, iraupen laburreko kontratuetarako zigorra ezartzen du, Gizarte Segurantzari kotizazio gehigarria egitera behartuz.

BEHIN-BEHINEKOTASUNA

“Lan-merkatuaren erreformak hobetu egin du enpleguaren kalitatea: behin-behinekotasuna nabarmen murrizten ari da, baita historikoki aldi baterako kontratazio handiko hilabetea zen uztailean ere”, azpimarratu zuten Gizarte Segurantzako Ministerioko arduradunek uztaileko datuen aurkezpenean.

Izan ere, aldi baterako kontratazioak behera egiteaz gain –batez ere, iraupen oso laburreko kontratuek–, ekainean eta uztailean kontratu mugagabeen kopuruak marka guztiak hautsi ditu, mota horretako 1,5 milioi kontratu egin baitira. Zehazki, ekainean 783.595 lan-kontratu mugagabe zigilatu ziren, “hilabete horretako kontratazio mugagabearen batez bestekoa bost aldiz biderkatuz”; eta uztailean, berriz, 685.992 kontratu egonkor erregistratu ziren.

Kopuru horien barruan zenba-tzen dira udako kanpainei aurre egiteko ostalaritzan eta nekazaritzan erabiltzen ari diren aldizkako finkoak. Guztira, bi hilabete horietan 534.269 kontratu sinatu dira Espainian aldizkako kontratu finkoen modalitate horretan: 241.590 uztailean eta 292.679 ekainean. – M.T.