- Enpresa-proiektu berrien sorrera sustatzera bideratutako baliabideak handitzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua, gure lurraldeko ekonomiak bikaintasun-mailara jauzi egin ahal izan dezan. Horretarako, Markel Olano ahaldun nagusiak finantzazioa jo zuen gako nagusitzat atzo. Hori dela eta, datorren urteko aurrekontuek startupen munduan eragina izateko konpromisoa hartu zuen, finantzazioaren bidetik horien bilakaera indartzeko.

Helburua garbia da: “Gipuzkoan sortzen diren ideia, teknologia eta ezagutza aurreratuak enpresa-ekimen bideragarri bihurtzea, merkatuan finkatzea, eta ondoren, proiektu horiek eskalatzea eta lehiakorrak izateko dimentsioa irabaztea”.

Markel Olanoren iritziz, erronka hori gauzatu ahal izateko, inbertsio-industria sustatu behar da, gaur egun dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen bezala, alor hori indartzeko asmoa adierazi duelarik.

Gaiarekin jarraituz azaldu zuen ahaldun nagusiak, hil honen amaieran amaituko duela foru erakundeak Txekintek-Barnetekin programan jasotzen diren oinarri teknologikoko enpresak eta berri-tzaileak direnak sortzeko lagun-tzen esleipena, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Iaz, ekimen horrek 37 startup sortzea ahalbidetu zuen; ez d, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo horretan bultzatutako jarduera bakarra.

Olanok gogora ekarri zuenez, elkarrekiko bermerako Elkargi euskal sozietatearekin elkarlanean dabil foru erakundea, enpresa proiektu berriek finantzaketa izan dezaten; eta, horrez gain, enpresa berritzaile berriak sortzeko prozesua babesten duen BIC Gipuzkoa ere bultzatzen omen dabiltza.

Ildo horri jarraituz aipatu zuen Markel Olanok, Aldundiak estrategikotzat dituen jarduera ekonomikoen aldeko apustu irmoa: zibersegurtasuna, mugikortasun jasangarria, gastronomia digitala edota zahartze osasungarria, eta, horiek guztiek, ekintzailetza bultzatuko duten zentro bana izango dituztela adierazi zuen.

Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomikoko diputatuarekin batera Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dagoen Deneb Medical startupera egindako bisitan egin zituen adierazpen hauek Markel Olanok.

Enpresa hori laser teknologian oinarritutako kirurgia-sistema robotikoa garatzen dabil, ehunak denbora errealean identifikatzeko gauza dena, eta pazientearentzat hain inbaditzailea eta kaltegarria ez dena.

Deneb Medicalek Seed Gipuzkoaren bitartez jaso du foru erakundearen babesa. Eusko Jaurlaritzarekin batera sortutako arrisku kapitaleko sozietate horrek, gure lurraldeko enpresak merkatu anitzetan sendo-tzea du helburu. Aldunditik jakinarazi zutenez, azken urteotan 1,3 milioi euro inbertitu dira startup horretan, bai eta Enigmedia, Irisbond, Multiverse eta Acuipharman ere.