- Lehen sektorearen etorkizunerako "tradizioa modernitatearekin uztartzea, iraunkortasuna, nekazaritza-jarduera landa-ingurunea garatzeko oinarritzat hartzea, eta belaunaldi-berrikuntzaren aldeko apustua egitea" funtsezkoak direla nabarmendu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak.

San Isidro eguna ospatzeko, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar politiketako zuzendari Jone Fernándezek, Zeraingo Oiharte sagardotegi eta nekazaritza turismoaren instalazioak bisitatu zituzten.

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, familia enpresa hori "lehen sektorearen etorkizunerako funtsezkoak" diren balioen erakusgarri aparta da:

"Tradizioa modernitatearekin uztartzen dituzte, iraunkortasuna beti helburu, nekazaritza-jarduera dute landa-ingurunea garatzeko oinarri, eta belaunaldi berrien aldeko apustu garbia egin dute".

Belaunaldi-berritze horri lagun-tzeko, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiekin batera, Gaztenek Programa aitzindaria jarri zuen abian duela 15 urte, lehen sektorean ekintzailetza bultzatzeko zerbitzu integrala eskainiz. 2015. Urtetik hona, 511 pertsona txertatu dira lehen sektorean: 194 Gipuzkoan, 169 Bizkaian eta 148 Araban. Ia erdiak emakumeak dira, eta adin-tartea 25 eta 40 urte bitartekoa da, nagusiki. Eskari gehien izaten duten azpisektoreak baratzezaintza, ardogintza eta esnetarako behienak dira.

Ekitaldia egiteko aukeratutako Oiharte sagardotegia Maite Retolaza Ojangurenek eta Haritz Eguren Urrestarazuk zuzentzen dute eta 2010ean hasi ziren sagardoa merkaturatzen. Sagardoa bertako sagarrarekin egiten dute eta Euskal Sagardoa soilik; baserri bertako sagastietako sagarrekin, eta Goierriko beste baserri batzuetako fruituekin ekoizten dute, batez ere Txalaka, Gezamiña, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Errezilla barietateekin.

Bertaratu zirenek azpimarratu zutenez, tradizioarekiko "errespetuaz" gain, berrikuntza omen dute beti helburu, "prozesuak modernizatuz eta eskaintza dibertsifikatuz"; besteak beste, latako Euskal Sagardoa (ontziratutakoaren zati bat kanpoko merkatuetara bideratzen da, esate baterako Estatu Batuetara), sagar ekologikoaren zukua, edota izotzezko sagardoa, nabarmendu zituzten.