- Pandemiak eragindako beharrizana kontuan izanda, Indiako Ozeanoan lan egiten dutenen jarduera errazteko asmoz, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ministro-agindu bat argitaratu du BOEn, 2020ko kanpainarako tunido tropikalen harrapaketa-mugen kudeaketa malgutzeko.

Ontzi batzuk euren arrantza jardueran zailtasunak izan dituzte, bereziki tripulazioen erreleboak egiteko arazoengatik edo berrogeialdiak ezartzeagatik. Gauzak horrela, sektorea ordezkatzen duten elkarteek eskatu zuten 2020ko kanpainarako ezarritako tunido tropikalen harrapaketa-mugak modu malguan kudeatzea ontzi-taldeen artean.

Arrantzako Idazkaritza Nagusiak uste du baldintza horiek malgutu daitezkeela harrapaketa-mugak berma-tzen badira.

"Horrela, arrantza-tokiaren kudeaketan ahalik eta eraginkortasun handiena bermatzen da, eta, aldi berean, operadoreen jarduerari eta bideragarritasunari eusten zaie, baimendutako arrantza-ahalegina handitu gabe" dio Espainiako gobernuaren aginduak.

Azpimarratu behar da -diote Espainiako gobernutik- horrek ez dakarrela arrantza-aukerak banatzea, ezta ezarritako harrapaketa-mugak alda-tzea ere, baizik eta horiek zenbatzeko modua aldatzea". Indiar itsasoan arrantzan ari diren atunontzi izozta-tzaile gehienak Bermeokoak dira.

Beste alde batetik, AGAC-ek bertako ontzien atun tropikalen harrapaketak ebaluatzeko eskatu du ondo kudeatutako arrantza jarduera ziurtatzen dituen Marine Stewardship Councilen (MSC) zigilua lortzeko. MSCk hiru faktore aztertzen ditu arrantza jarduera batean: arrain osasungarrien populazioak, ekosisteman duen eragina eta kudeaketa-praktikak.

48 atunontzi daude elkartean -gehienak euskaldunak- eta Indiar itsasoan, Atlantikoan eta Pazifikoan arrantzatzen dute. Mundu mailan urtero egiten diren atun harrapaketen %8a harrapatzen dute AGAC elkarteko ontziek.