- Lau milioi euroko laguntza onartu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko, iaz baino 350.000 euro gehiago dira. Diru-laguntza hau Gipuzkoako Ekonomia eta Gizartea Suspertzeko Planean kokatzen da, eta hainbat alderdi sustatzea du helburu, hala nola gaitasunak, negozio-eredu berriak, dibertsifikazioa, jarduera ekonomikoaren erreleboa eta jarraitutasuna eta lurraldearekiko konpromisoa, besteak beste.

Lau milioi euro horietatik, 1,9 balio-esparruetan aukerak eta eskumenak eraldatzeko proiektuak finantzatzeko izango dira; 450.000 euro enpresa-jardueraren jarraipena bultzatzeko; 360.000 euro enpresen arteko lankidetza-dinamikak antolatzeko; 585.000 euro ekonomia zirkularra balio-katean integratzeko; 400.000 euro ekonomia sortzailea balorizatzeko; eta 300.000 euro garapen jasangarria sustatzeko eta enpresen balio soziala indartzeko.

Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi zuenez, iaz baino 350.000 euro gehiago dira. Orduan 243 proiektu aurkeztu ziren deialdira, eta Aldundiak 131 proiektu babestu zituen. Guztira, 3,6 milioi euro eman ziren laguntzetan, eta horiei esker 5,8 milioiko inbertsioa gauzatu zen esparru horretan.

Mendozak azpimarratu zuenez, Foru Aldundiak defendatzen duen garapen ereduak ekonomia, gizarte kohesioa eta iraunkortasuna ditu oinarri, eta planteamendu hori indartu egin da COVID-19ak sortutako krisiarekin.

Eskaerak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko irailaren 29rarte luzatuko da.