Donostiako Txistulari Alardeak gonbidatu bereziak izango ditu bere 48. edizioan. Lide Hernando (Bele), Oinkari dantza taldea edota Juan Mari Beltran laukoteak lagunduko dute Euskal Herriko txistulariez osatutako taldea. Ohi bezala, hiriko Aste Nagusia hasten den egunean ospatuko da, eta bihar izango da emanaldia, 20.30etan, Konstituzio plazan, Aitor Arozenak (Oiartzun, 1970) zuzenduta.
Aurtengo programaren hildo nagusiak hainbat izango dira. Batetik, “Ipuscua” testu idatziaren milurtekoa omendu da, baita Donostiako Txistulari bandako zuzendario izan zen Isidro Ansorenaren heriotzaren 50. urteurrena. Era berean, Villabonako Oinkari dantza taldea goraipatuko dute 50 urte betetzeagatik. Horretarako, hainbat musikari, bakarlari eta talde izango dira eszenatoki gainean txistulari alardea laguntzeko. Mota ezberdinetako abesti eta doinuek osatuko dute programa, eta emanaldiari hasiera Ansorenaren Nire herriko jaiak biribilketak emango dio.
Oihana Iguaran bertsolariak, “Ipuscua” hitzari buruzko bertso batzuk abestuko ditu, txistulari alardeak Gipuzkoako ereserkiaren doinua jotzen duen bitartean. Kontrapasak ere interpretatuko ditu Aitor Arozenak zuzendutako bandak Tolosako Txistulari bandarekin batera. Santos Intxausti txistulari mungiarrak konposatutakoak izango dira. Aurten, txistulari bizkaitarra hil zenetik 100 urte bete dira, eta “txistu munduari egindako ekarpena eskertzeko modu bat izango da”, zuzendariaren esanetan.
Euskal Herriko txistulari gazteen gaur egungo txapelduna, Ekain Cachenaut, emanaldiaren beste gonbidatu bat izango da. Lapurtar gazteak, Isidro Ansorenaren Birigarroa pieza eskainiko du. Bestalde, Donostiako txistulari bandaren zuzendari izandakoaren beste hainat obra entzun ahal izango dira emanaldian zehar. Maite eta Prantixka Martiña, esaterako.
Dantza
Musikaz gain, dantza ere izango da Donostiako Txistulari alardean, eta hiriko bandarekin “harreman estua” izan duen Oinkari Taldea izango da eszenatoki gainea. Villabonako dantza taldearekin batera, bizar-dantza eta Amaia operaren ezpata dantza eskainiko dituzte, besteak beste.
Gonbidatu berezi bezala, alardeak Lide Hernando (Bele) musikaria gonbidatu du emanaldian parte hartzera. Liher taldeko abeslari izandakoak, Fermin Muguruzarekin eman ditu aurten hainbat kontzertu. Txistulari alardearekin batera hainbat abesti eskainiko ditu, txisturako idatziak izan direnak eta baita berak bere azken diskarako konposatutakoak, besteak beste. Era berean, pasa den urtean Manuel Lekuona jaso zuen Juan Mari Beltran, bere laukotearekin batera, alardearen programaren parte izango da.
Ibilbidea
Aitor Arozena (Oiartzun, 1970) izango da bigarren urtez zuzendaria, Donostiako Txistulari bandaren ardura 2024 hartu ostean. Oiartzuarrak, emanaldi berezi bat bezala ikusten du alardea, eta txistuarekin edo silbotearekin zenbaitetan parte hartu ostean, zuzendari paperak “ardura eta harrotasuna” sentiarazten diola argitzen du. 48. ediziari dagokionez, “txistua oinarri izanda bidea luzatzen jarraitu nahi dugu”, dio Arozenak. Aurten, alardean parte hartzeko Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko txitulariak etorriko dira Donostiara. Guztira, 90 musikari inguru bilduko dir eszenatoki gainean. Metal boskotea, perkusioa eta hildo armonikoa gidatuko dituzten pianoa, gitarra eta baxu elektrikoa ere lagun izango dituzte txistulariaek.
Alardearen prestaketak ia urte beteko iraupena dutela argitzen du zuzendariak: “Aste Nagusia amaitu eta segidan hasten ez bagara ere, iraila heldu orduko lehen prestaketekin hasten gara”, dio Arozenak. Lehen urratsa, programa zehaztea izaten da, eta ondoren, gonbidatu ezberdinak kontuan hartuta, joko diren piezak “konpontzea”. “Ez da erraza izaten, estiloak eta instrumentuak ezberdinak izaten direlako urtero”, argitzen du zuzendariak. Ondoren, entseguen garaia iristen da, lehenik multzoka eta ondoren talde osoa bilduta. Emanaldiaren astean, bi entsegu orokor burutzen ditu alardeak, eta kontzertua eskainiko den egunean bertan, azkena, soinu probak ere egiteko.
“Gonbidatuak aldatu baditugu ere, lehengo urteko hildoa jarraituko dugu aurten”, argitzen du Arozenak, pasan den edizioan Mikel Markez abeslaria lagun izan zutela gogoratuz. Zuzendariaren ustetan, “gonbidatuen estiloak askotan alardea baldintzaten edo moldatzen du”. Dena prest, Arozenak aurtengo edizioari “adi egoteko” deia egiten du, berezia izango baita bere ustetan.