Donostia – Etxean ez daudenean paketeren bat iristen ote zaien ikusteko Madrilgo Aluche auzoko bizilagun batzuek beraien behatxuloan bideokamera bat jartzea ukatu egin die Auzitegi gorenak, metro eta erdira dagoen aurreko ateko bizilagunen pribatutasunari eragiten diolakoan.
Horixe erabaki du Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak, Madrilgo Probintzia Auzitegiak aurrez erabakitakoari babesa emanez; aurreko epai horrek, gainera, Madrilgo Lehen Auzialdiko 14 zenbakiko Epaitegiaren erabakia babesten zuen, auzotarrei behatxulo elektronikoa kentzeko agindu baitzien.
Atzo jakinarazitako epaiak jasotzen duenez, bi bikoteak bata bestearen parean bizi dira, ateak elkarrengandik metro eta erdi eskasera daudelarik, beraz, etxe bateko behatxulotik bestearen atea ikus daiteke; hori guztia, atarian atezaina duen urbanizazio baten barruan.
Bikoteetako batek bisore gisa ez ezik mugimendua automatikoki detektatzen duen behatxulo elektroniko bat instalatu zuenean sortu zen arazoa; izan ere, argazki bat ateratzeko eta telefonora alerta bat bidaltzeko konfiguratu baitaiteke, eta bideoa ere graba dezake, eskailburuan norbait dagoela detektatzen duenean.
Ateak bata bestearengandik oso gertu daudenez, bien artean dagoen espaziora inor sartzea edota aurreko bizilagunen atea irekitzea nahikoa da gailua aktibatzeko.
Erosotasuna
Ustez kaltetuak zirenek auzitara eraman zituzten auzokoak, justiziari kamera kentzeko agintzea eskatuz, eta epaian halaxe erabaki zen.
Epailearen ustez, hartutako neurriak ez du segurtasuna bilatzen, erosotasuna baizik; izan ere, ez baitu segurtasun-arrisku berezirik ikusi –badira horretarako, hain intrusiboak ez diren beste neurri batzuk, hala nola alarmak–, eta demandatuek, etxetik kanpo daudenean, jakinarazpenen bat edo paketeren bat jaso ote duten jakitea zuen helburu bakar.
Horren aurrean arrazoitu zuen epaileak, behatxulotik begiratzeko ahalmena jarraitua izatera pasatzen denean, inbaditzailea dela, pertsonak etxebizitza batera sartzeko kontrola haren eremu pribatuko afera delako.
Demandatuek helegitea aurkeztu zuten eta errekurtsoa ezetsi egin zieten; beste hainbeste egin zuten gauza Auzitegi Gorenean, eta hark ere atzera bota die helegitea.
Aurreko instantzien ildo beretik, Auzitegi Gorenak honakoa aipatzen du: “irudiak hartzeko, transmititzeko eta, potentzialki behintzat, grabatzeko gailuak, eragin nabarmena du eska-tzaileen intimitate pertsonalean eta familiarrean”; izan ere, norbait etxera sartzen edo irteten den bakoitzean aktibatzen baita, etxearen barrualdea ikusteko aukera emanez.
Auzitegiaren iritziz, afektazio hori “ez da neurritsua, demandatuen interesak asetzeko dakarren onurarekin alderatuta”.
Baimenik gabeko “tratamendua”
AEPDren ebazpena. Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD), behatxulo digitalen erabilerari buruz 2023an emandako ebazpenean argi ezartzen zuen, inoren datuak babesteari dagokionean urraketarik egon dadin, identifikatutako edo identifika daitekeen pertsona fisiko baten irudiaren “tratamendu” baimendu gabea egotea dela funtsezkoena. Hain zuzen ere, erakunde horrek 300 euroko isuna jarri zion gizon bati, instalatu zuen behatxuloarekin eta bizilagunaren baimenik gabe, hura grabatu izanagatik. Agentziak argi aipatu duenez, “inola ere ez da baimenduko instalazioaren xede den ingurunetik haragoko zainketa, ezta hirugarrenen espazio pribatuetako edo espazio publikoko irudiak hartzea ere, behar bezala egiaztatutako arrazoi justifikaturik gabe”. –