Larunbatean, 19.30etan, lehertuko da Aste Nagusi Pirata Flamenkan, Ezkila Kapitaina eta Mattiren eskutik. Aurtengoan, Kaleko Afari Solidarioak izeneko Donostiako boluntario taldeari egingo diote piratek aitortza berezia: “Berrehundik gora otordu banatzen dituzte egunero, hiriko hiru puntu desberdinetan. Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarraren premiak erdigunean jartzeko nahiak eta, noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna. Doakiela, beraz, gure aitortza publiko eta zintzoa”, adierazi dute.
Festa Ipar. Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! lelopean, zortzi eguneko egitaraua prestatu dute, “festa euskalduna eta euskaltzalea” izango dela eta “gurea euskararen plaza dela” aldarrikatuz. “Edozein oldarraldiren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat egingo dugu”, nabarmendu dute .
Egunean zehar askotariko ekintzak eskainiko dira Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrilen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak… Izan ere, hirian zehar bederatzi gune pirata aurkituko ditugu: Flamenka, Lasta, Moilaberri, Kaia, Trinia, San Telmo, Zurriola, Txofre plaza eta Intxaurrondo.
Haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte. Haur jolasak eta tailerrak eskainiko dira hainbat egunetan (hockey tailerra, ur jolasak, baina egun handia ostiralean iritsiko da, abordatze txikiarekin.
Abordatzeko jarraibideak
Egunez egun programatutako jarduerei dagokienez, igandean, mus txapelketa (Trinian, 15.00etan) Estankea Abordatu! (Intxaurrondon 17.00etan) eta playback lehiaketa (Lastan, 20.30etan) egingo dira, besteak beste.
Ez da faltako, noski, mugimenduaren ikur bilakatu den abordatzea. Astelehenean, hilaren 12an, botako dituzte baltsak uretara eta antolakuntzak gogorarazi duenez, parte hartzeko ezinbestekoa izango da ondoko jarraibideak betetzea: igerian jakitea, 16 urtetik gorakoa izatea, antolatzaileei kasu egitea, zaborra eta materiala jasotzea, elkarri laguntzea eta uretara salto ez egitea.
Baltsak egiteko debekatuta egongo da sofak, aulkiak, bidoiak, somierrak, bengalak, tirafondoak eta iltzeak erabiltzea
Baltsak eraikitzeko materialei dagokienez, berriz, ondoko hauek erabiltzea debekatuta egongo da:sofak, aulkiak, bidoiak, somierrak, bengalak, tirafondoak eta iltzeak.
Asteartean, hilak 13, bazkari disidentea (Lastan, 14.30etan) eta Lumatza Festa egingo dira (Lastan, 18.00etan). Asteazkenean, hilak 14, bertso saioa eskainiko da (Trinian, 17.00etan), Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendiren eskutik. Gainera, mojito lehiaketan (Lastan, 17.30etan) parte hartzeko aukera egongo da.
Ostegunean, hilak 15, piraten bazkaria antolatuko dute Flamenkan eta arratsaldean, berriz, karaokean saiatzeko aukera luzatuko da (Lastan, 20.30etan).
Hurrengo egunean, hilaren 16an, danborra astinduko dute piratek (Flamenkan, 19.20etan) eta festaren azkeneko egunean, hilaren 17an, artisau azoka (Lastan, 10.00etan) eta agerraldi feminista (Flamenkan, 20.00etan) izango dira ekitaldi nagusiak
Orotariko musika eskaintza Flamenkan eta Trinian
Ezin aipatzeari utzi, bestalde, Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza orotarikoa. Urtero egin ohi duten bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dute: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Akerbeltz erromeria; Bele, Hofe x 4:40, Bulego eta Belako taldeen ahots gazteak; Tremenda Jauria, Sara Socas, edota Albina Stardust eta Divina Comediaren eszenaratze apurtzaileak; La Fulana, Dj Pezon eta Dj Azkuraren emanaldiak; Los Zopilotes Txirriaos zein Juatxo Skalari eta Rude Bandaren melodia aski ezagunak; edota Nakar, Burutik eta Pelax taldeen doinu gogorragoak.
Kontzertuei dagokienez, urtero bezala, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dute, tokiko musikariei lehentasuna emanez
Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, eskainza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez. Besteak beste, Rukula, Rüdiger eta Vincent Bestaven, Andoni Oilokiegi, Eraul edo La Jodedera taldeak igaroko dira bertatik.
Puntu morea
Piraten Lantalde Feministak erasorik gabeko festen alde jarraitzen du lanean eta kai-gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko da. Bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Udalak Bulebarrean egokitu duen artatze gunera akonpainamendua egingo zaio, egunean 21 orduz egongo dena zabalik, eguerdiko 13.00etatik goizeko 10.00ak arte.
Bestalde, aurtengoan hainbat aurrerapauso emango direla jakinarazi dute: “Abuztuaren 13an, asteartean, gure egitarauaren bidez, jai gunea hartzearen apustua egin dugu, ertzetan kokatzen garen disidenteok jaiaz goza dezagun. Horren erakusle izango dira, besteak beste, kalejira aldarrikatzaile transfeminista eta gaueko eskaintza”. Azkenik, festak irauten duen bitartean zoritxarrez erasoak gerta daitezkeela aurreikusita, abuztuaren 17an, 20.00etan, horiek salatzeko ekimena antolatu dute Flamenkan.
FLAMENKA ETA TRINIKO KONTZERTUEN EGITARAUA
Larunbata, abuztuak 10
FLAMENKA
23.05 Akerbeltz
TRINIA
23.05 Rukula
Igandea, abuztuak 11
FLAMENKA
23.05 Bele
1.00 Hofe X 4:40
TRINIA
15.30 Mus txapelketa
23.05 Dj Dultze Meneo
Astelehena, abuztuak 12
FLAMENKA
20.00 Los Zopilotes Txirriaos
23.05 Tremenda Jauria
1.00 La Fulana
TRINIA
23.05 Andoni Oilokiegi
Asteartea, abuztuak 13
FLAMENKA
23.05 Albina Stardust eta Divina Comedia
1.00 Dj Pezon
1.45 Dj Azkura
TRINIA
23.05 Aria
Asteazkena, abuztuak 14
FLAMENKA
00.30 Bulego
TRINIA
17.00 Bertso saioa
23.05 La Jodedera
Osteguna, abuztuak 15
FLAMENKA
23.05 Burutik
1.00 Nakar
TRINIA
23.05 Rüdiger eta Vincent Bestaven
Ostirala, abuztuak 16
FLAMENKA
23.05 Pelax
1.00 Belako
TRINIA
23.05 Eraul
Larunbata, abuztuak 17
FLAMENKA
23.05 Sara Socas
1.00 Juantxo Skalari & La Rude Band
TRINIA
23.05 Elene eta Anuk