Gookapi unibertso magikotik Alderdi Ederrera joango dira Iratxoak igande honetan haur eta helduekin abestu, dantzatu eta ondo pasatzeko.

Baina Lis, Mithy, Pintxo eta gainerako izakien kuadrilla proiektu zabalago baten parte ere bada, izan ere, pasa den urrian estreinatu eta natura zaintzearen garrantzia azpimarratzen duen Zutik! baitira. Proiektuak arrakasta handia izan du eta hainbat saritarako izendapenik ere lortu du, besteak beste, pasa den urtarrileko Goia sarietarako, bai eta datorren maiatzeko Platino Sarietarako ere.

Egoitz Rodriguez, proiektuaren ekoizleak, egunkari honi kontatu dionez, animaziozko pelikularen pertsonaiak iratxoak izatearen ideia bi mitologien uztartzetik dator. Alde batetik, euskal mitologiako iratxo edo galtzagorrien esentzia bertan da, "naturaren zaindariak eta langile finak" bailiran irudikatuz. Bestalde, zelten mitologiako sinismen bat ere oso kontuan hartu zuten sormen prozesuan; bertan, zuhaitzak "unibertsoaren ardatza" dira eta bakoitzari, jaiotzen den dataren arabera, izaera definituko dion arbola egokituko za

io.

Halaxe, bi ideia horiek elkartzeko erabakia hartu zuten. Iratxo bakoitza zuhaitz batekin lotu zuten, eta bata ezinbestekoa izango zen bestearen biziraupenerako. Haurrak "landarediarekin liluratzea" lortu omen dute, "pertsonaia animatuen bitartez". Gauza jakina baita, mugimendua duen izaki batek lana izugarri errazten duela, "haurrekin interakzioa sortzerako orduan".

Filma estreinatu berritan, iazko azaroan, pausu bat harago joan eta Youtubera ere jauzi egin zuten. Bertan, bi kanal sortu zituzten, bata euskaraz eta gazteleraz bestea, haurrei zuzenduriko edukiak ezagutarazi asmoz. Gookapi Euskaraz izenekoan, animazioaren bidez eta teknologia berriak baliatuz, istorioak kontatzen dizkiete gaztetxoenei gure hizkuntza propioan. Gainera, aukera ezberdinen arteko hautua egin, eta bataren edo bestearen arabera, ondorio ezberdinetara iritsiko dira.

Gaien lanketa errazteko, pertsonaia bakoitza telesail edo kontzeptu batekin elkartu dute. Lehendabizikoa Lis iratxoaren Lisen Sormen Txokoa da; bertan sukaldaritza, botanika, eskulanak eta antzerakoak jorratzeko aukera dute. Dena, ingelesez educaiment izenez ezagutzen den kontzeptuan oinarrituta; education (hezkuntza) eta educationentertainment. Dibertituz ikastea, alegia.

Horrez gain, musika erabiltzen ere hasi dira. Iratxoen Kantu Sekretuaren parte diren bideoklipak sortu dituzte, eta abesti horiek, jasangarritasuna, berdintasuna edo aldaketa klimatikoa lantzeko baliatzen dituzte.

Alderdi musikala sortzerakoan piztu zitzaien bonbilla: "Gure magia guztia abesti batekin hasten da beti, eta Korrikari lotutako abesti bat sortzea otu zitzaigun", adierazi du Rodriguezek. Azkena Putxi ziren, bertan parte hartu nahi zutela esanez. "Egia esan, oso berandu iritsi ginen", aitortu digu ekoizleak; "prestaketa lanak planifikazio eta aurrerapen handiarekin egiten dituzte; baina, hala ere, ondo iruditu zitzaien" eta Korrikaren hasieran eta bukaeran egotea proposatu zieten. "Korrikari eskaini diogun ekarpena da", dio Rodriguezek.

Ikuskizuna, esan bezala, interakzioan oinarrituta dago, eta igande honetan, Donostian, eguerdiko ordu batean Alderdi Ederren plazaratuko duten horretan, "dantza, musika eta hainbat sekretu" izango dira. Agian esanguratsuena, abatar elkarreragileena izango da, errealitate gehitua martxan jartzen duena. Pantaila handi bat ipiniko dute eta bertan azalduko dira iratxoak, baina, atxikitako kamara bati esker, bertatik pasatzen diren pertsonak testuinguru digitalera pasako dira, iratxoen artera, eta haiekin argazkiak atera eta hitz egiteko aukera ere izango dute.

Aurreko ostegunean Korrika Amurriotik abiatu zenean ere, hantxe izan ziren Gookapiko iratxoak. Ikusleen erantzuna "oso ona eta parte-hartzailea" izan omen zen, bai haurren zein gurasoen aldetik. "Guk ez dugu, filosofia moduan, pasibotasunean sinesten. Gure edukiak interaktiboak dira, 360 gradutakoak; ez zaigu iruditzen ikusleak geldirik egon behar duenik", azaldu du Rodriguezek. Areto batean aritu ziren eta "nahikoa beteta" egon omen zen, asteko lan eguna zela eta eguraldi kaxkarra kontuan hartuta.

Igandean, lau paretak birrindu egingo dituzte. "Edukiren bat edo beste" moldatu omen dituzte, ikuskizuna "funtsean", antzekoa bada ere. Inguru fisikora eta ikuslearen erantzunera egokitzea beharrezkoa iruditzen zaie, nahiz eta gidoi edo eskaleta prestatuta izan. "Haria, kontakizuna eta lortu nahi duguna, gauza bera da, baina garapena desberdina izango da", azpimarratu du proiektuaren ekoizleak.

Iratxoak, oraingo honetan, euskararekiko giro lagunkoian arituko dira kantuan eta dantzan, tamalez eta sarritan, egunerokotasuna horren samurra ez den arren. Izan ere, haurrentzako euskarazko edukiak behar eta nahi baino eskasagoak baitira, eta ez hori bakarrik, zeren arazo hori atzerriko edukiak itzulita konpontzeko aukera egongo litzateke. Baina hasierako hasieratik "euskaraz sortuak izan diren haurrentzako edukiak" falta dira, Rodriguezen ustetan, "gure balio identitarioetan oinarrituta daudenak". Eta, aukerarik izanez gero, teknologia berriak erabiltzen dituztenak. "Horixe da gure apustua edo guk topatu dugun leihoa", gehitu du.

Gauzak horrela, eta gustuko proiektuetan piztutako ilusioari eutsiz, orain hilabete batzuk hasitako bidean jarraitzeko intentzioa dute Gookapi unibertso magikoaren egileek. Alde batetik, ikuskizun berriak prestatzeko asmoa dute, aldaketekin baina; izan ere, oraingoaren egitura "Korrikarako" prestatua baitago. Euskararen aldeko lasterketa "bukatzen denean, gure eskaintza udalerriei zabaltzen hasiko gara, beren beregi egokitutako beste proposamen batekin" aurreratu du Rodriguezek.

Youtubeko kanalean ere eduki berriak jartzen jarraituko dute, eta ba omen dituzte bi telesail berri aurreikusita; Mithy esploratzailea, naturarekiko harremana lantzen duena, eta Pintxo aldaketa klimatikoaren kontra. Teknologia berriak are eta gehiago baliatzeko asmoa ere badute, aplikazio bidezko jokoen eta ipuinen bitartez. Azken hauen kasuan, paperezko ohiko bertsioaz gain, errealitate areagotuko aplikazio bat ere izango dute, pertsonaiek "bizitza animatua" izan dezaten. Izan ere, lortu baitute haurrekin euskaraz konektatzeko ekuazioaren erantzuna: interakzioa sustatzeaz gain, "beraien balio identitarioekin bat egitea" ezinbestekoa da.