Zutik! marrazki bizidunetako pertsonaiek ere Korrikan parte hartu nahi izan dute aurtengoan. Gookapi basoko iratxoek “magiaz betetako ikuskizun musikala” prestatu dute haurrentzat, ostegun honetan Amurrion eta datorren apirilaren 10ean Donostian eskainiko dutena.

Pintxo, Mithy, Liz, Hur, Xira, Maixu Jakintsu eta gainerako iratxoak oholtzara igoko dira eta “kantu sekretuen bidez” euren unibertsoko nondik norakoak azalduko dizkiete txikienei. Ikuskizuna doakoa izango da eta lehenengo emanaldia Amurrioko Antzokian izango da ostegun honetan, 17:30etan.

Pertsonaia magiko hauek 3D abatar interaktibo gisa azalduko dira eszenatokian, errealitate areagotuari esker. Baina ez dira bakarrik egongo; Iñigito Txapelpunk abeslaria, Andrea Covadonga eta Ugaitz Alegria aktoreak eta Irati eta Naia dantzariak izango dituzte lagun.

Ikuskizun “berritzaile” eta “emozioz beterikoa” dela baieztatu dute antolatzaileek. Gainera, Korrikaren omenez, iratxoek abesti bat sortu dute, Azkena Putxi, eta emanaldian erakutsiko dute.