donostia - Nerea Azurmendi kazetariak idatzi du eta Asisko Urmenetak eta Dom Campistronek egin dituzte ilustrazioak. Euskara ikasten ari direnei zuzenduta dago, baina hiriaren gida ere bada Elkarrek kaleratutako Donostia liburua. Arian bildumaren baitan, euskal hiriburuei eskainitako liburuxkak argitaratu dituzte.

“Aurrekoan idazle batek erabilitako irudia erabilita, labana sui-tzar baten modukoa da liburua: oso txikia eta gauza askotarako balio behar du”, azaldu du Azurmendik. Oinarrian, euskara ikasten ari direnei irakurgai atsegina eskaintzea du helburu. “Baina baldintza zorrotzik ez zegoen, askatasuna genuen bakoitzak gure hiria nahi genuen moduan aurkezteko”. Ibilbide bat proposatu du Azurmendik, Tabakaleran abiatu eta Sokamuturra kale txikian bukatzen dena, Loretopera begira.

“Donostiak irudi topiko moduko bat badauka gainean eta hori aprobetxatzea pentsatu nuen: postaleko leku topiko horietara jotzea, baina hor arakatzea, atzean dagoenak hiriaren historiari eta izaerari buruz zer esaten digun ikusteko”, azaldu du. “Sarriegiren eskulturatik atera-tzen diren gidariek kontatzen duten historia ez errepikatzen saiatu naiz, hori badago jada gida turistiko arruntetan”, gaineratu du.

Ibilbide zirkularra proposatzen du hiriaren erdigunetik, baina beste auzoei keinuak ere egiten dizkie eta bisitak proposatzen ditu Grosen, Egian, Antiguan...

“Pixkat historiko eta monumentala atera zaidala esan didate, baina gaur egun dugun Donostia eta nabarmentzen diren hainbat portaera kolektibo hiriaren bilakaera eta historia horretan dauzkate sustraiak, onerako eta txarrerako: Ar-tzain Ona edo San Martin merkatua testuinguru batean eraiki zituzten, zabalgunea eraiki zen eraiki zen abiaduran testuinguru batean...”, gaineratu du.