Udaletxea lepo, jendea kanpoan gelditu zen pasa den San Sebastian Egunaren aurreko kontzertuan. Aste Nagusian ere, Konstituzio plaza txiki geratzen zaie festei hasiera ematen dien alarde handia bertatik bertara gozatzera doazenei. Bi kontzertu oso berezi dira horiek, eta horrelako beste batzuk ere izaten ditu urtean zehar, baina horiez gain beste 50 inguru eskaintzen ditu urtero Donostiako Udalaren Txistulari Bandak. Eta txistulari eta entzuleentzat guztiek dute xarma berezia.
Igandero-igandero, adibidez, goizean diana jotzen dute eta ondoren Konstituzio plaza alaitzen dute txistu hotsek 12.15etik aurrera. 20 urte baino gehiago dira bandak hi-tzordu hori egin zuela donostiarrekin eta astero emanaldi desberdina eskaintzen du gainera, garaian garaikoa. Aste hauetan, eta inauteriak badatozela kontuan hartuta, festa horiekin lotutako doinuak dira nagusi; uztailan karmenak ospatzen badira, itsas giroko melodiak aukeratzen dituzte; urte amaieran Gabon kantak dira nagusi... “Hirian gertatzen direnekin lotura bilatzen saiatzen gara”, kontatu dute txistulari bandako arduradunek.
Errepertorio aberatsa, askotarikoa eta kalitate handikoa dute eta eskaintza aldatzen saiatzen dira astero, kontzertu desberdinak eskaintzen. Umorezko saioak ere prestatzen ari dira egunotan, txistua ezagutzera emateko modu dibertigarrian. Baina aurrez aurre dituztenen artean, astero-astero hutsik egiten ez duten entzule leialak izaten dituzte zain Konstituzio plazan: izan ere, badira espresuki txistulariak entzutera joaten direnak, hiriko eta inguruko hainbat txokotik etorritakoak. Badira, baita ere, Parte Zaharrean bazkalaurreko potea hartzen ari direnak eta txistulariengana hurbiltzen direnak musikak erakarrita.
Kontzertuetako programak aldatuta, berritasuna eta originaltasuna bilatzen jarraitzen dutela nabarmendu dute txistulariek eta, hala, bertakoen interesaz gain, bisitariena ere erakartzea lortzen dute astetik astera. “Topaleku” berezia bihurtu dira iganderoko saioak txistulari eta zaleentzat eta, euria eginda ere, ez dute hutsik egiten, Konstituzio plazako arkupeek babestuta eta liburutegiko eskaileretatik jotzen baitute: “Oso giro polita sortzen da”.
Tradizioa eta ospea
Hogei urte baino gehiago dira oraingo formatuan aritzen direla, baina donostiarrek igandetan txistu doinuekin duten hitzordua askoz lehenagokoa ere bada. Isidro Ansorena udal bandaren buru zenean, 1940 eta 1950.eko hamarkadan, diana jotzen zuten txistulariek goizetan, gero beste pieza batzuk eskaintzen zituzten eguerdian eta arratsaldean erromeria ere bai.
Donostian txistuaren tradizioa aspaldikoa da, seguruenik Euskal Herriko garrantzitsuena, eta horren ospe eta kalitatea ere bai. 1824. urteko idatziak jada horren lekuko dira, auzoz auzo aritzen zirela kontatzen baitute. Ospe hori ez da desagertu eta azken urteotako aurrerapen gehienak donostiarren eskutik etorri dira. Izan ere, garai batean bezala, gaur ere oso estimatuak dira udal bandako kideak, Jose Ignazio Ansorena (Isidroren biloba) buru dutela. Gaur egun hamar lagunek osatzen dute banda: txistu banda tradizional bikoiztua dute eta, hala, lau txistu, bi silbote, bi perkusio jole eta bi tronpeta ari dira bandan.
Eta azken urte hauetan ere, iganderoko saioen bidez eta kontzertu berezien bidez, hiriaren eta herriaren garapenaren lekuko izan dira. Besteak beste, hiriaren festa eta egun handietan hor dira, baita ekitaldi ofizialetan ere, protokoloaren parte baitira: San Sebastian Eguna iragartzen dute, merezimenduaren dominak eta urrezko danborra banatzeko saioetan izaten dira, Aste Nagusiari ongietorria ematen diote, Santa Zezilia egunean kontzertua eskaintzen dute, Gabonetan emanaldi berezia prestatzen dute...
Hiriaz gaindiko ekimenetan ere presente egoten da udal banda hainbatetan: Musika Hamabostaldian, Errenteriako Musikasten, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Euskal Herriko beste leku askotan jotzeaz gain, atzerrian ere eskaini izan dituzte kontzertuak: Renon (Estatu Batuak), Münsteren (Alemania) eta Alpbachen (Austria) izan dira, besteak beste.