donostia - Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 20 kontzertu prestatu ditu datozen asteotan hirian zehar ikasturte bukaera dela eta. Gainera, hilaren 21ean Musikaren Europako Eguna denez, emanaldi berezia eskainiko dute Bulebarrean: big band bat eta musika modernoa lantzen duten ikasleak arituko dira kioskoan doinu horiek erakargarriagoak direla eta.

Bestalde, Intxaurrondon, Loiolan, Gazteszenan, Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta hiriko beste hainbat tokitan arituko dira udal eskolako ikasleak gaurtik (Intxaurrondon 18.00etan piano saioa eta Loiolako Erriberetan 19.00etan Banda Gazte) ekainaren 22ra bitartean.

Kontzertu hauen kartela ere aurkeztu zuten atzo, Ceinproko Irune Elizegi eta Xabier Isastiren lana hain zuzen ere: Donostiako eta Europako kolore urdina ardatz, hainbat instrumentu jasotzen ditu irudiak, baita hiriko eraikin ezagunenen perfilak ere. - A.Z.