Beste urte batez, Ipar Ameriketako Euskal Diasporako gazteek uda Goierrin igaroko dute Ateak Ireki programari esker. Ekainaren 28tik uztailaren 20ra bitartean, 33 gaztek euskara ikasi eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute.
Parte-hartzaileak Kalifornia, Washington, Colorado, Nevada eta Oregon estatuko 16 eta 25 urte bitarteko gazteak izango dira. Uda berezi hau bizitzeko, ordea, haiek etxean hartuko dituzten familiak behar dira. Horregatik, Lazkaoko Udalak herriko eta inguruko familiak programan izena ematera animatu ditu, eta oraindik aukera dagoela gogorarazi du ateakireki.eus atarian izena emateko.
“Etxeko familien lankidetza ezinbestekoa da proiektuaren arrakastarako eta gazteek esperientzia aberasgarria eta hurbila izateko. Etxearen ateak irekitzeak euskal kulturaren babesa eta zabalkundea sustatzeko modu baliotsua ere bada”, adierazi dute Lazkaoko Udaletik.