donostia - Metroaren pasantearen kontrako Satorralaia taldeak deituta, 80 bat lagunek kontzentrazioa egin zuten atzo Kursaalaren kanpoaldean, barruan Cideu Hirien Sare Iberoamerikarraren kongresua burutzen zen bitartean.
Beharrezkoa ez delako metroari ez zioen pankartaren atzean bilduta, proiektuak Donostian ez duela adostasun sozialik aldarrikatu zuten eta erakundeek ez dutela informazio nahikorik eman, ez eta eztabaidarik sustatu ere. Proiektuaren tramitazioa “hertsia” izaten ari dela ere salatu zuten eta alternatibak ez direla aztertu.
Bestalde, pasantearen proiektuaren oinarrian “zifra faltsuak” daudela diote Satorralaia taldekoek eta obrek hirian eragingo lituzketen kalte larriak nabarmendu zituzten “hirigintza alorrean eta Dbusen zerbitzuetan”. Proiektua gauzatzea “baliabide publikoen xahuketa” izango litzatekeela gaineratu zuten. - N.G.