jada hamaika urte pasa dira Donostiako piratek Abordaia martxan jarri zutenetik. Goizeko 8.00etan hasita, gaur ospatuko dute urteen poderioz hain garrantzitsu bilakatu den plan alternatibo hau. Donostiako portuak irudi bikaina erakutsiko duen zalantzarik ez dute antolatzaileek. "Dagoeneko 2.500 pertsonek eman dute izena", azpimarratu du Donostiako Piraten bozeramaileetako batek. Aurreko urteko emaitzak mantendu edota handituko direlaren esperantza dute.
Abordaiaren historia duela hamaika urte hasi zen koadrila batzuk abordaia bultzatzen hasi zirenean. Hainbat urtez programaziotik kanpo egon ondoren, azken urteetan ezinbesteko ekitaldi bilakatu da Donostiako Aste Nagusian. Parte hartuz, Donostiarron sareak josi, Abordatzera da aurtengo edizioaren lema.
Baltsen muntaketarekin hasiko dute eguna piratek (ordu erdiko hiru txanda egongo dira lan horretarako). "Segurtasunagatik 16 urtetik beherakoek ezingo dute parte hartu", adierazi dute. Gainera, ezingo dira itsasoa kutsatu dezaketen bidoi edo antzekoak erabili.
Bazkaldu ostean, giro ederrean koadrilen abordaia hasiko da. Arratsaldeko 17.00etan emango zaie hasiera. Palak, flotadoreak, gurpilak, kañak... ordurako prest izango dituzte parte-hartzaile guztiek.
Ondoren, La Flamenkako gunera hurbilduko dira Kontxako erlojuetatik Bad Sound Systemaren kalejiraren laguntzarekin. Gaueko 23.00etatik aurrera gainera, Talco eta Non servium taldeen kon-tzertuak eskeiniko dira.
urteurrena
Forma onean
Aurreko urtean bete zituen hamar urte Abordaiak. Forma oso onean iritsi zen taldea 2012ko ekitaldi horretara eta aurtengoan ere "maila mantentzea" espero dute Donostiako piraten taldekideek. Iaz 500 itsasontzi eta 3.000 pertsonek hartu zuten parte eta edizio honetan marka horretara iristeko esperantza badute.
Egun horretan gainera, eguzkia lagun izan zuten eta Fermin Muguruza abeslaria bera ere pirata bilakatu zen hamargarren urteurrena ospatzeko.
Aldaketa
La Flamenka
Donostiako piratek, abordaia ez ezik, erromeria eguna ere antolatu ohi dute. Eguraldi bikaina izan zuten egun hau ospatzera hurbildu ziren pertsonek. Tokiz aldatu behar izan zuten Paseo Berria itxita zegoelako. Urte honetan, Urgullen beharrean La Flamenkan egingo dira jardunaldi guztiak.
Haurrentzako jolasak eta argazki rally herrikoiaz gain (jendea erakartzeko helburuarekin), Willis Drumond Baionako talde ezagunaren kontzertuaz gozatzeko aukera ere izan zuten bertaratu ziren herritarrak.