Terrazak udan bakarrik jartzeko lizentzia berri bat proposatu du udal Gobernuak
alde zaharrean sei metroko zabalera baino gutxiago duten kaleetan ezingo dituzte aulkiak jarri
Donostia. Donostiako Udala terrazen inguruko araudi berria prestatzen ari da. Besteak beste, oposizioko taldeei aurkeztu dien dokumentuan lizentzia berri baten sorrera proposatzen du: orain arte, urte guztikoa edo Aste Santutik urrira artekoa dago; bada, Gobernuaren proposamena udako hilabeteetarako bakarrik lizentzia berri bat sortzea litzateke.
Gainera, Alde Zaharrari atal berezia eskaintzen dio prestatutako txosten horretan. Azken hilabeteotan bilerak izan dituzte bertako bizilagunekin eta baita ostalariekin ere. Hala, proposamen honekin Konstituzio plazako eta etxeetarako sartu-irteerak erraztu nahi dituzte, eta oinezkoen pasabideak bermatu. Hala, sei metro baino zabalera handiagoko kaleetan tabernek aulki eta mahai altu batzuk jartzeko aukera izango dute, baina estuagoak diren kaleetan aulkirik ez litzateke onartuko hemendik aurrera.
Irekiera orduei dagokienez, proposamen teknikoak honako hauek planteatzen ditu: ekainaren 1etik irailaren 30era, goizeko 9.00etatik 1.00etara lanegunetan eta 2.00etara ostiral, larunbat eta jai bezperetan. Gainerako hilabeteetan, 9.00etatik 23.00etara lanegunetan eta 00.00etara ostiral, larunbat eta jai bezperetan.
Azkenik, zigor araubide bat jar-tzea ere komeni dela dio udal Gobernuaren proposamenak arauak betetzen ez dituztenentzat. Izan ere, orain ez dago horrelakorik eta arauak betetzen ez direnean ez dago isunik jartzeko aukerarik, fidantzetan jarritako dirua atxikitzea besterik.
Udal Gobernuak datorren astean azalduko die bizilagunei dokumentua eta behin betiko araudia idazteko prozesuan ere izango da eztabaidatzen jarraitzeko bidea, Udalbatzak aztertu eta bozkatu aurretik.