Bi urteko hamar ikasletik zortzi D ereduan ari dira Donostian
udalak seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzeko gomendioa egin duEskutitza bidali die aurten eskolan hasiko diren haurrak dituzten 1.800 familiei
Donostia. Iaz eskolan hasi ziren bi urteko umeen %80k D ereduan ikasten du. Beste %11k B eredua aukeratu zuen eta %9k, A eredua.
Gaur egun D ereduak bermatzen duela elebitasuna eta aurten ere gurasoei haien seme-alabak euskarazko ereduan matrikula ditzaten gomendioa egin die Donostiako Udalak. Hala, azken urteotan bezala, eskutitza bidali die bi urteko umeak dituzten gurasoei eta horietan D eredua aukeratzearen alde egiten du.
Guztira 1.800 etxeetara bidali dute eskutitza, egun hauetan matrikulazio kanpaina abian dela kontuan hartuta. Otsailaren 8ra arte dute gurasoek aurten bi urte beteko dituzten seme-alabak matrikul-atzeko.
"Haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena eta praktikoena euskarazko ereduan aritzea da, D ereduan, alegia", adierazi du Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara ordezkariak. Horregatik, eta hiriak duen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, eredu horren alde egiten du idatzian eta gogoratzen du "egin diren ikerketek eta orain arteko esperien-tziak" erakutsi dutela D ereduak bermatzen duela elebitasuna. "Haur baten lehen urteak oso garrantzitsuak dira hizkuntza bereganatzeko. Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun eta kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du", gaineratu du Txapartegik.
D ereduaren bilakaera eta hazkuntza etengabea izan da azken hamabost urteotan hirian, Autonomia Erkidego osoan bezala. Hala, 1990-1991 ikasturtean D eredua %34k aukeratu zuten, eta B eredua %48k. 2000-2001 ikasturtean jada %50 baino gehiago ziren D ereduaren aldekoak (ia %40 Bren aldekoak) eta aurten D ereduan jada umeen %80 ari dira.