ORDU gutxi geratzen dira jada San Sebastian Egun handia heltzeko eta giroa berotzen hasiko direnak, ohi bezala, gaztetxoak izango dira. Igandean Haur Danborradan aterako diren konpainia guztietako ordezkariak Victoria Eugenia antzokian bilduko dira gaur eguerdian, urtero egiten duten aurkezpen festa dela eta.

Danborradako jantziak soinean, hainbat sorpresa izango dituzte. Besteak beste, Kiki, Koko eta Moko pailazoak igoko dira taula gainera, baita Kontuz, Atsuak! programako Maikrux ere. Gainera, Realeko hockey taldeko neskak ezagutuko dituzte.

Festa honen ondoren, jada, jai giroa zabaltzen hasiko da hiri osoan zehar. Eta, horretan laguntzeko, hainbat eskoletako gaztetxoak aterako dira kalera danborrak hartuta gaur arratsaldean.

Altzako herri ikastetxeko gazteak 14.30ean abiatuko dira auzoan zehar eta 15.00etatik aurrera gauza bera egingo dute Mendiola ikastetxekoek Bidebietan eta Orixekoek, Alde Zaharrean. 15.15ean dute abiatzeko ordua Zuhaiztiko ikasleek (Grosetik desfilatuko dute), Intxaurrondo Hegoakoek eta Axular ikastolakoek (Aietetik arituko dira). Intxaurrondo ikastolakoak eta Altzako Oletakoak 15.30ean batuko dira.

Dena den, hauek ez dira izango gaur entzungo diren danbor hots bakarrak. Hiri osoko ikastetxe eta haurreskoletako patioetan entzungo dira danbor hotsak goizean eta arratsaldean. Antiguan, esaterako, Jakintza ikastolako gazteak frontoian arituko dira bazkalostean.

Gaurko danbor hotsek biharko nerbioei pasako diete lekukoa. Eta, bitartean, zeruari begira jarraituko dute gaztetxoek: ea igandean euriak atseden hartzen duen.