Síguenos en redes sociales:

"100 urtera iristeak meritu handia du eta Fortuna elkartea osasuntsu heldu da, agian bere momenturik onenean"

Ehun urte bete ditu Donostiako Fortuna kirol elkarteak eta mendeurrena dela eta, Antxon Iturrizak liburu batean jaso du elkartearen historia, kirol herrikoi eta amateurraren arloan beti. Iturriza Fortunako bazkide de eta liburua "elkartearen alde" egin zezakeen ekarpena izan da

"100 urtera iristeak meritu handia du eta Fortuna elkartea osasuntsu heldu da, agian bere momenturik onenean"R. Plaza

donostia. 100 urte betetzea ez da erraza. Hona iristeko bidean elkarte asko geratu dira, eta beste batzuk mantentzen dira baina ez kirol jarduerak egiten. Fortunak urte larriak pasatu zituen, baina 100 urtera heldu da eta oso osasun onarekin, agian bere momenturik onenean iritsi da: bi kiroldegi kudeatzen... Nik Fortuna Campanario kalean ezagutu dut, Alde Zaharrean, eta bertako lokalak ez zuen zerikusirik orain Pio Barojan erabiltzen duten instalazioarekin... Horrelako sasoiarekin 100 urtera iristea ez da erraza, eta juntak egin duen lana meritu handikoa da. Junta beti izan da amateurra, boluntarioek osatuta, eta boluntarismo hori mantentzea ere zaila da gaur egun. Negozio txarra da, musutruk aritzeko.

Izenburuan Fortunaren izaera herrikoia nabarmendu duzu. Konstante bat izan al da hori bere historia guztian? Bai. Titular bat aurkitzea zaila da historia osoa sintetizatzeko. Mende bat jarri behar zen, aitzakia hori zen. Eta kirola hitzak ere agertu behar zuen. Baina zein motako kirola? Fortunak beti egin duenak bi berezitasun izan ditu. Lehena herrikoia izatea da: kalerantz antolatu ditu beti jarduerak, elkartea exogenoa da, ez endogenoa. Txirrindularitzaren, futbolaren, zikloturismoaren, ziklokrossaren hasiera zen Fortuna sortu zenean eta guztiak kanporantz antolatu zituen, jendea zuten beti ezker eskubira. Lehendakariak aipatu izan du: la Behobia de las calzadas y de las aceras. Oso egokia da.

Eta bigarren ezaugarria? Amateurismoa. Zaila da hori mantentzea profesionaltasun mundutik hainbat tentazio daudenean. Pilotan, adibidez. Pilotari onak zeuden Fortunan, gero txapeldun olinpikoak izandakoak. Futbol talde moduan hasi zen Fortuna, nahiz eta gero beste kirolak ere landu eta futbola alde batera utzi, amateurismoan ez zuelako ibilbide luzerik izan. Anekdota bezala, Fortunaren artxiboan jasota dagoen 1915eko idatzi bat aipatuko nuke, Realari zuzenduta, jokalari bat kendu nahi ziolako. Elkarteari zor zaion fideltasunari buruz ari dira idatzian, azpijokua kritikatzen... Profesionaltasuna hor zegoen eta Fortunak hori alde batera utzi du beti. Hala, inoiz ez da eliteko elkarte bat izan, oinarrizko kirola landu du. Club Deportivo Bilbaotik eskema hartu zuten, hirian kirola zabaltzeko helburua, osasun iturri gisa... Baina Bilboko elkarte hori diruduna da, eta Fortuna beti izan da elkarte xume bat. Parte Zaharrean sortua da, bertako jendea ez da inoiz izan aberatsa.

Amateurismoa mantentzea eta elitetik urruntzea elkartearen aukera kontzientea izan al da? Bai, eta horrelako tentaziorik izan denean beti moztu egin da. Eta bi ezaugarri horiez gain eta horien ondorio gisa hasieratik mantendu duten beste bat ere aipatuko nuke: antolatzeko gaitasuna. Behobia da horren lekuko dirdiratsuena, baina badira beste arlo batzuk. Igeriketan, piraguan, mendian... hainbat jarduera antolatzen dituzte. Hamar urteko epean, gerra baino lehen, Espainiako hamar edo hamabi txapelketa antolatu zituzten, diziplina desberdinetan. Meritu handia zeukaten baliabide gutxi zituztelako, nahiz eta Fortuna izena izan, eta ez ziren hainbeste bazkide, 55 bat inguru. Gerra baino lehen Espainiako Vueltaren etapa bat antolatu zuten hemen, edo Euskal Herriko Itzulia. Esperientzia zuten antolatzen eta haiengana jotzen zuten.

'Behobia'k Fortunaren ezaugarri horiek islatzen ditu. Behobiaren irudiak hainbeste dirdira duenez, ezinezkoa da atzean dagoena ez eklipsatzea, eta hori arazo bat da. Fortunak hamar sekzio dauzka, hamar kirol desberdinekin, eta haiek dira Fortunaren oinarria, egungo 1.100 bazkideak, gehientsuenak kirolari praktikanteak. Baina Behobiak Fortunaren izana ere isla-tzen du. Gehiago ere bada: izen handi bat eta transendentzia hori ematen dio elkarteari. Eta diru iturri garrantzitsua da.

'Behobia'n ere, elite mundutik aldentzen saiatu dira. Bai. Inportatzen zaizkienak beste 20.000 korrikalari horiek direla esan dute behin eta berriz arduradunek, nahiago dituztela 20.000 ezezagun lustreko gutxi batzuk baino.

Nolakoa izan da liburua osatzeko ikerketa lana? Lan hauek motelak dira, luzeak, ba-tzuetan astunak eta aspergarriak eta, noizean behin, pozgarriak! Amua bota eta batzuetan pikatzen dute. Iturri nagusiena, batez ere garai zaharrenetan, hemeroteka da, egunkariak begiratu behar dituzu egunero-egunero, baina egunero ez daude Fortunaren albisteak. Pazien-tzia behar da puzlearen piezak jaso eta gero montatzeko.

Lan luzea izan da orduan enkargua jaso zenuenetik? Bai, urte eta piko eman dut. Enkargua berez nik neuk egin nuen, nik aurkeztu nuen neure burua. Fortunako bazkidea naiz eta baldintza ba-tzuk baneuzkan nire alde: esperientzia neukan halako liburuak egin ditudalako eta elkartearen alde egin nezakeen gauza bat zen. Onartu zuten eta orain ez dakit pozik egongo diren!

Liburuan 100 urte hauetako hainbat argazki jaso dituzu eta horrelako liburuetan garrantzi berezia dute. Liburuak daukan balorerik handienetakoa edo handiena da. Fortunan bertan gure aurrekoek gorde zituzten argazki asko, altxor handia da. Gehientsuenak elkarteak zeuzkan, beste batzuk aldizkarietatik eta Fototekatik atera baditut ere. Eta argazki horietan Fortunaren ekitaldietan ikusmin hori hasieratik izan zela azaltzen da. Lehenengo Behobia 1919.ean izan zen: hamalau korrikalari bakarrik iritsi ziren, baina ehunka pertsona zeuden alde batean eta bestean ikusten.

Elkarteak lotura berezia dauka Donostiarekin. Donostian errotuta dago elkartea, biak elkartuta daude. Horregatik, liburuan garai bakoitzean Donostia nolakoa zen agertzeko testu txiki ba-tzuk ere jaso ditut.