Síguenos en redes sociales:

Santa Klarako harresia eta kai muturreko eskailerak konponduko dituzte

bost langile ari dira uhartean lanean eta hilabete inguru iraungo dute konponketek

Donostia. Santa Klara uhartean lanean ari dira egunotan uda baino lehen hainbat gune konpondu eta prest izateko. Hala, hasteko itsas argiaren ondoan dagoen harresian berritze lanak abiatu dituzte.

Donostiako Udalak atzo jakinarazi zuenez, harresiak erortzeko arriskua zeukan eta hori dela eta ekin diote konpontzeari. Berez, harresia desegin eta berreraiki beharko dutela argitu zuen Udalak ohar baten bidez.

Lana konplexua da. Guztira zazpi metroko luzera eta 2,5 metroko altuera du uhartearen goiko aldean zutik dirauen harresi zatiak, eta 0,50 metroko zabalera dauka.

Bost langile ari dira bertan lanean eta, printzipioz, hilabetez arituko dira, Udalak jakinarazi zuenez.

Bestalde, beheko aldean bestelako konponketak ere egiten ari dira egunotan. Hala, kai muturreko eskailerak egokitzen ari dira eta uharteko bideen ondoko egurrezko hesiak ere bai.

kai muturra berrituta Lan hauek duela hilabete batzuk gauzatutakoen jarraipena dira. Izan ere, pasa den udazkenean Udalak Santa Klarako kai muturra egonkortu zuen. Itsas denboraleen ondorioz, kai muturra kaltetuta zegoen, zulo eta pitzadurak bai-tzituen. Txosten batean egoera arriskutsua zela esan zuten adituek eta horregatik ekin zion Udalak konpontzeari.

Orduan buzoek egin zuten lan gehiena, itsasazpian aritu baitziren kai muturraren paretetatik hondarra eta zikinkeria garbitzen. Ondoren porlana jarri zuten pareta egonkortzeko.

Hala, kai muturra berrituta, eskailerak egonkortuta, bideetako hesiak konponduta eta itsas argiaren ondoko harresia berreraikita egingo die harrera Santa Klara uharteak aurtengo udari eta hondartza denboraldiari.