Síguenos en redes sociales:

Bizarrain elkarteak mintzalaguna proiektua abiatu du Altzan

hamahiru pertsonek eman dute parte hartzeko izena eta lau talde osatu dituzte Egitasmoaren helburua euskaldun zahar eta berriak elkartzea da euskal hizkuntza praktikatzeko

Bizarrain elkarteak mintzalaguna proiektua abiatu du Altzan

donostia. Bizarrain Kultura Elkarteak mintzalagunaren proiektua abiatu du Altzan ikasturte honetan. Egitasmo honen helburua euskara ikasten ari diren pertsonak euskaldu zaharrekin bildu eta euskal hizkuntza praktikatzeko aukera ematea da. Urteak dira mintzalagunaren ekimena martxan jarri zutela eta egun Donostiako auzo askotara ez ezik, Euskal Herri osoko hiri eta herrietara zabaldu da izan duen arrakasta ikusita.

Hala, Bizarrain elkartearen eskutik, Altzako bizilagunek ikasturte honetan proiektuan parte hartuko dute. Altzatarren beraien eskariari erantzuten diotela egitasmo honekin adierazi dute elkartekoek. Saio informalak antolatuko dituzte, "euskara ikasi berri dutenei, euskaraz norekin hitz egin ez dutenei edota lagunartean eta euskaraz tarte atsegin bat eman nahi duten lagunei zuzenduta".

Antolatzaileek azaldu dutenez, momentuz hamahiru pertsonek eman dute ekimenean parte har-tzeko izena, eta guztiekin euskaldun zahar eta berriak nahasten dituzten lau talde osatu dituzte.

"Gure asmoa da Altzako euskaldun berri (eta zaharrei) gune bat ematea euskara praktikan jartzeko eta sare euskalduna sortzeko", agertu dute Bizarrain elkarteko lagunek.

Haien arabera, Altzan bertan badago euskaraz bizitzeko gogo handiak dituen jendea, baita euskara maila hobetu nahi duena ere, baina inguruan euskal hizkuntza zeinekin erabili ez duena. "Bide batez, gure asmoa Altzako kaleetan euskararen presentzia areagotzea eta normalizatzea ere bada", adierazi dute Bizarrain taldekoek.