MUNDUKO onena. Donostiako Kontxa hondartza hiriaren sinbolo izateaz gain, ia-ia mundu osoan dauden hondartzen artean onena dela esan daiteke gehiegi puztu gabe.

Izan ere, Travel and Leisure bidaia aldizkariaren arabera, kontinente guztien artean hirian kokatutako hondartza bat baino ez da Kontxa baino hobea. Guztien sailkapena egin dute eta bigarren lekuan kokatu dute, hain justu, Kontxa.

Travel and Leisure argitalpen ospetsuak moda eta aisiari buruzko blog entzutetsu baten bidez osatu du sailkapena, Beach Tomato blog-aren bidez, hain zuzen. Hala, helbide elektroniko horretako erabiltzaileen botuak erabakigarriak izan dira sailkapena egiteko.

Eta ranking horren buruan Bangkokeko Hat Jomtien dago, Thailandian, hori izan baita botu gehien jaso dituena. Bigarren lekuan agertzen da Donostiako Kontxa eta ondoren, Lido Veneziako de Alveroni hondartza kokatu da (Italia), laugarren tokian Kitsilano Beach dago, Vancouverren (Kanada) eta bosgarrena Ocean Park Beach izan da, Puerto Ricoko San Juan hirian.

Donostiako Turismo bulegoko arduradunak pozik agertu dira hiria beste behin ere oporretarako lekurik onenen artean ager-tzeagatik.

Kasu honetan, Beach Tomato blog-ean sailkapenarekin batera Donostiako argazki bat jarri dute eta hiriburuaren deskribapen labur bat ere bai. Hiru hondartzek bisitaria txunditzen dutela diote, baina hiruren artean Kontxa aukeratzen dute: chic bezala definitzen dute, zafiroaren kolorea duten urak daudela diote eta Santa Klara uhartearen irudiak paisaia borobiltzen duela.

sukaldaritza

Pintxoak jatera

Gune turistiko gehienek bezala, hondartzatik atera eta Alde Zaharrera joatea gomendatzen diote bisitariari blog-ean, pintxoak jatera. Gainera, Europa osoko sukaldaritzan puntako hiria dela ere nabarmentzen dute.