noizbehinka azalpenak luzatu egin behar dira. Horrela uste du, behin-tzat, Altzako Historia Mintegiak (AHM). Aste honetan, Album Altzatarraren beste ale bat kaleratuko dute, 1953 eta 1978 bitarteko irudiak jasotzen dituen argazki liburua.

Altzako Historia Mintegiak 2006an atera zuen azken liburua, Album Altzatarra 1887-1986 deiturikoa. Oraingo argitalpenarekin efemeride bat ere ospatuko dute: elkartearen 25. urteurrena.

Altzako Tokiko Bilduma auzoaren historiari buruzko materiala eta informazioa jasotzen ari da, hura zaindu eta zabaltzeko helburuarekin. Hainbat pertsona eta elkartek argazkiekin hornitzen dute proiektua eta Tokiko Bilduma horretatik hartutako 99 irudiekin osatu dute liburu berria. "1953-1978 urte bitarteko irudi hauek Altzaren hazkundearen eta eraldaketa fisiko zein sozialen oroimena dira, estiloen, erritmoen eta ohituren aldaketena", esan dute Altzako Historia Mintegitik, eta gehitu dute "argazkien bitartez, garai zail hartako komunitate altzatarra islatu" nahi izan dutela, "pertsonen eta elkarrekin bizitutakoen lekukotasuna nabarmenduz".

Informazio gehiago

Gauza "bizia"

Albuma kaleratu ostean, proiektua ez da amaituko. AHMk azaldu du liburuan agertzen diren pertsona, leku edota urteei buruzko informazioa "handitzen eta osatzen" jarraitu nahi duela, "jendeak eskainitako datuen bidez". "Albuma zerbait bizia dela kontsideratzen dugu", azaldu dute.

Modu berean, argazkiak eta lortutako informazioa Altzako Tokiko Bildumaren webgunean (www.altza.info) argitaratuko dutela iragarri dute. Orrialde horrek, gainera, lortutako fondo guztiak eskaintzen ditu, sei ataletan antolatuta: 2.806 argazki ditu, 2.461 dokumentu, 90 artikulu, 50 ikus-entzunezko, 18 mapa edo plano eta 1.815 hemeroteka-dokumentu.

osteguna

Aurkezpena

Ostegunean izango da argazki liburu berriaren aurkezpena. Herrerako Euskal Giroa elkartean izango da, 19.30ean. Hurbiltzen direnen artean liburua banatuko dute eta eztabaidarako aukera ere izango da aurkezpenaren ondoren. Gainera, lunch bat eskainiko dute amaieran.

Bestalde, aurkezpen egunaz geroztik liburua salgai jarriko da interesa dutenentzako. Hamar euroko prezioan, Altzako Casares kultur etxean salgai izango da.

Ezbairik gabe, Album altzatarraren ale berri honek, auzoko historiaren errepaso bat egiteko aukera ederra eskaintzen du.