Síguenos en redes sociales:

Ia 1.000 ikaslek hartu dute parte aurtengo Bide Heziketako kanpainan

ibilgailu partikularra gehiegi erabiliz gero, horrek ondorioak dituela azaldu diete gaztetxoei

Ia 1.000 ikaslek hartu dute parte aurtengo Bide Heziketako kanpainan

Donostia. Ia 1.000 ikaslek hartu dute parte aurten Bide Heziketako kanpainan. Donostiako Udalak, Udaltzaingoaren bitartez eta Donostiabusen lankidetzarekin, hiriko ikastetxeetan garatu du programa hau beste behin ere maiatzean zehar, gazteen artean mugikortasun jasangarria bultzatzeko asmoarekin.

Zehazki, 974 neska-mutil izan dira mugikortasunaren inguruko ikastaroan parte hartzen, eta errepideak gurutzatzean, oinez joatean edo bizikletaz ibiltzean segurtasunarekin joateko gomendioak jaso dituzte, besteak beste. Gainera, marrazki lehiaketa ere egin dute, eta irudi horiek Groseko kultur etxean izan dira azken asteotan ikusgai, kanpainan parte hartu duten gazteek ikus zitzaten.

Marrazki horiek maila bakoitzean landu duten gaiaren ingurukoak izan dira. Oinez goaz!, Bidaiaria, Bizikletaz goaz! eta Istripua izan dira aurtengo programan landutakoak, beti ere, Udaltzaingoaren azalpenen laguntzarekin. Horien ondoren gazteei marrazkiak egitea proposatu eta guztien artean ikasleek beraiek aukeratu zituzten onenak. Horiek izan dira Okendon erakusgai izan direnak. Irabazlea aukeratzeko ere ikastetxeek bisitak antolatu dituzte kultur etxera, marrazkiak ikusi eta horietako onenen alde bozka zezaten parte-har-tzaileek.

bisita Grosera irteera kanpainaren baitan kokatu da, eta kultur etxera haurrak garraio kolektiboan edo oinez joan dira ikastetxetik. Azkenean, jardueran parte hartu duten 974 ikasletatik 238 oinez joan dira eta 736 garraio kolektiboan, Dbuseko arduradunek atzo argitu zutenez. Izan ere, garraio kolektiboan joan direnen artean, gehienak Dbuseko autobusetan joan dira.

Kanpainaren helburu nagusia da haurrak konturatzea ibilgailu partikularra gehiegi erabiltzen bada horrek ondorioak dituela, eta jarrera hori ez dela hiriarentzat batere onuragarria azaldu diete udaltzainek, pertsonen arteko harremanei eta elkarbizitzari laguntzen ez diolako.

Ikastetxeen artean burututako kanpaina honekin batera, Donostia eta Europako beste bost hiri, Civitas Proiektuaren baitan, haurren artean mugikortasun iraunkorrerako ohiturak bultzatzeko beste jarduera batzuk garatzen ari dira. Horietako bat litzateke, adibidez, hainbat zentroetan abiatu duten Eskola Bidea programa, ikasleak klasera oinez modu seguruan joan daitezen.