UDA berehala iritsiko da eta, berarekin batera, auzoetako jaietaz goza-tzeko momentua izango da ere. Donostiako lehenengoak Txanpontxoko jaiak dira eta hurrengo asteko ostegunean Bidebietako bizilagun guztiak dantzan jartzeko dena prest dute jada.
Txaranga eta buruhandiek Guardaplatako bidean oin bat jarri bezain pronto hasiko dira festak Bidebietan. Etzi zortzi izango da, 17.30ean. Koadrilen jaitsieraren ondoren, 22.00etan, hauentzako afaria izango da Uliazpi Elkartean.
Ostiralean, buruhandi eta erraldoiek giroa berotuko dute berriro ere, 17.15ean. Allende parkean, umeentzako jolasak izango dira, txokolatada hasi bitartean. Futbitoko zelaian, ordea, kaleko antzerkia ikusi ahal izango dute bizilagunek, Trapu Zahar konpainiaren eskutik. Leku berean eta sabela betetzeko asmoarekin, "100 bat pertsonaren-tzako paella egingo dugu, ziur asko, Sociedad Cultural, Recreativa, Deportiva de Bidebieta elkartean, gero plazara ateratzeko",azaldu du Álvaro Portas, jai batzordeko arduradunak eta gaineratzen duenez, "afari herrikoia izanik, ez da janaria kobratuko". Ondoren, digestioa hobetzearren, Esne Beltza, Blaka eta DJarekin dantzan egiteko aukera izango da 22.00etan.
Goiz hasiko dira ekitaldiak larunbatean. Izan ere, haur txokoan ile tailerra izango baita 11.00etan. Parkean gazteentzako jolasak izango dira 14.00etan saiheskiak jatera joateko ordua iritsi arte, jai batzordearen eskutik berriro. Ondoren, karaokea, pailazoak eta mus txapelketaren finala 17.00etan Taurina elkartean. "Auzoko elkarteek berreskuratu dute ekimen hau eta nahi duenari irekia dago", aitortu du Portasek. Gogorarazi nahi du parte hartzeko izen-ematea auzoko edozein elkartetan egin daitekeela eta asteazkena baino lehen egin beharko dela, egun horretan bertan, kanporaketak jokatuko baitira.
Poteoa, moto erakusketa eta ur jaia izango da baita larunbatean, baita dantza erakustaldi bat Thamessis taldearen eskutik. 22.00etan, auzoko taldeek Rock pixka bat jarriko diote zezen suzkoaren itxaroteari, 0.00etan izango baita.
Igandean, azkenik, crossa izango da 10.30ean eta askaria jubilatuenean. Umeentzat puzgarriak egongo dira Allende parkean eta helduentzat, ping pong torneoa. 19.00etan, sardinanak jango dira, agur esango zaie jaiei futbito zelaitik, hurrengo urtera arte.