Donostia. Ibaetako Lagunen Auzo Elkarteak (Ilae) bere lehen konpartsa aurkeztuko du gaur hiriko kaleetan barrena. Aurten Akelarrea hartu dute gaitzat eta karroza ahari buru handi batek gailenduko du.
Artilea erabili dute, alde batetik, garabia behar bezala apaintzeko. "Ibaetan lortutako banbu eta kanaberak erabili ditugu kaiola handi bat egiteko, adibidez", azaldu du Iragartze Martínek, Ilaeko kide den inauteriko antolatzaileak. Gaineratu nahi izan du "dena oso naturala" nahi zutela eta halako materialak erabili dituztela karroza eraikitzeko.
Mozorroak egiteko irudimena erabili dute, izan ere, bakoitzak etxean zuen baserritar jantziari zenbait eranskin jarri baitizkiote sorginen bereizgarri direnak "eta kolore oso biziak dituztenak", aitortu du Martínek. Gainera, antolatzailearen hi-tzetan, aukeratutako doinuak ere oso bereziak izango dira: "Abestiek bi zati izango dituzte: lehenengo partea konjuru motakoa izango da eta daramagun burruntzalitik edan ondoren, musika guztiz aldatuko da eta dantzatzen hasiko gara", argitu du emakumeak.
Ilaeren lehen irteera honetan donostiar guztiak animatu nahi dituzte larunbat arratsaldean hiriko zentrora hurbildu eta festan parte hartzeko.