Deustuko Unibertsitateak Ateak Zabaltzeko aurrez aurreko Jardunaldia antolatu du, datorren larunbaterako, urtarrilak 18, Donostiako eta Bilboko campusetan, etorkizuneko ikasleei orientazioa eskaintzeko eta beren profilera ongien egokitzen den gradua edo gradu bikoitza aukeratzen laguntzeko. 10:00etatik 14:00etara, etorkizuneko unibertsitate ikasleek Deustuk eskaintzen dituen 50 gradu eta gradu bikoitzen xehetasun guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Hainbat arlotakoak dira graduak: Enpresa, Zuzenbidea, Politika eta Nazioarteko Harremanak, Hizkuntzak, Komunikazioa, Hezkuntza eta Kirolak, Gizarteko esku hartzea, Teologia, Ingeniaritza, eta Osasuna.

Unibertsitateko fakultateetako eta zerbitzuetako arduradunak etorkizuneko ikasleen eta familien eskura egongo dira, 25/26 ikasturteko gradu eta gradu bikoitzen inguruan izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko: ikasketa planak, sarrera prozesua, praktikak, nazioarteko programa, lan irteerak, irakaskuntzaz kanpoko jarduerak, hizkuntzak, bekak, ostatua... Ohi den bezala, bisita gidatuak ere antolatuko dira, campuseko instalazioak ezagutzeko.

2025-26 ikasturteko berrikuntzak

Datorren ikasturteko berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Komunikazioko + Nazioarteko Harremanetako gradu bikoitz berritzailea. Programa hori Donostiako campusean eskainiko da, eta mundu globalizatu honetan komunikazioa ulertzeko modua eraldatzea du helburu, komunikazioko eta nazioarteko harremanetako ikuspegiak integratuz, nazioarteko ingurunean lan egiteko gai izango diren profesionalak prestatzeko.

Halaber, Deustuko Unibertsitateak Lehen Hezkuntzako + Haur Hezkuntzako gradu bikoitza eskainiko du, Donostiako campusean. Ikasketa horien helburua da irakasle moldakorrak prestatzea, haur hezkuntzatik (0-6 urte) lehen hezkuntzara arte (6-12 urte), espezializazio hauekin: Entzumena eta Hizkuntza, Gorputz Hezkuntza, Hezkuntza Goiztiarra eta Garapen Psikomotorra. Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua eskaintzeko asmoa dago, Donostian.

Graduko titulazioetan sarrera eskaera egiteko epea urtarrilaren 10ean ireki zen.