Euskal Kazetarien Elkarteak eta Elkargoak, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, Kazetariak-Deusto Komunikazioko eta Kazetaritzako Gradu Amaierako Lan Onenaren saria ematea erabaki du Sebastián Molás Alonso ikasleari, berak aurkeztutako "Lo que nunca te dije" izeneko film laburragatik, LGTBIQ+ pertsonen eta euren familien arteko komunikazioa lantzen duena. María Pilar Rodríguez Pérez irakaslea izan du tutore lan irabazlearen egileak. Epaimahaikideak bat etorri dira "kalitate bisual eta narratibo handiko laburmetraia, gai garrantzitsu bat ikus-entzunezko proiektu hunkigarri eta osatuan gauzatzeko egilearen gaitasuna adierazten duena" bezala deskribatzean.
Epaimahaiak aipamen berezi bat ere egin nahi izan die Martin Ruiz Egañari eta eta Xanti Korkostegi Roldáni, lehenari "Inteligencia Artificial y ética periodística: aproximación y análisis del impacto de la IA en el desempeño del periodismo" lanagatik, "sektore ugaritan, komunikazioarena barne, kezka sortzen duen konplexutasun handiko gaiari zorrotz eta taxuz hurbiltzen delako"; eta bigarrenari "Xaukena Xauk" bideopodkastagatik, "proposamen arina, freskoa eta oso dibertigarria egiten asmatzen duelako, gaurkotasuneko hainbat gai mamitsu jorratzean".
Lehen edizioa
Sari honen lehen edizioa da, eta bi erakundeek ikasleen ahalegina, talentua, zerbitzu publikorako bokazioa, sormena eta kazetaritzaren zorroztasuna saritu izan nahi dituzte. Deustuko Uniberstitateko Komunikazioko Graduko ikasleak aurkeztu ahal izan dira, beti ere GRALa gradu horretan egin badute 2023-2024 ikasturtean, EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, eta gutxienez 9ko kalifikazioa lortu badute.
Lehen edizio honetan epaimahaikideak izan dira Amaia Goikoetxea, Euskal Kazetarien Elkarte eta Elkargoko Presidentea eta Lehendakaria; Amaia Fano, Euskal Kazetarien Elkarte eta Elkargoko Presidenteorde eta Dekanordea; Jaime Otamendi, EiTBko kazetaria eta Donostia Kulturako zuzendaria; Arantxa Iraola, Berria egunkariko kazetaria; Juan Pagola, Komunikazioko graduko irakaslea eta Miren Berasategi Zeberio Komunikazioko graduko irakasle eta koordinatzailea. Guztiak bat etorri dira aurkeztutako lanen kalitate altua nabarmentzerakoan, gaiaren interesa, zorroztasun metodologikoa, kalitate narratiboa, iturrien aniztasunaren balioetan egindako ekarpena, gertakarien kontrastea eta Giza Eskubideen konpromisoa eta defentsa bezalako alderdiak baloratu ondoren.
Sariak
Saritutako lana eta aipamen berezia jaso duten bi lanak laster argitaratuko dira Kazetariak Kazetarien Euskal Elkargoaren aldizkarian eta Deustuko Unibertsitatearen komunikazio-kanaletan. Saritutako lanaren egileak, Sebastián Molás Alonsok, Kazetarien Euskal Elkargoko harpidetza jasoko du doan urtebeterako. Hirurek, irabazleak zein aipamen berezia jaso duten Martin Ruiz Egañak eta Xanti Korkostegi Roldánek, diploma bana jasoko dute aurtengo azaroaren 5ean Bilbon egingo den Kazetaritza Sarien Galan.