- Hiru traineruen aurkezpen ekitaldia izan zuen atzo Kaiarriba Donostiarra arraun taldeak Donostiako kaian, eta bertan izan ziren Eneko Goia Donostiako alkatea eta baita klubeko babesle eta kirolariak ere.

Arraun taldeak COVID-19ren pandemiaren aurka aurrez aurre borrokatu diren profesionalak omenduko ditu denboraldi honetan, eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialaren (Coegi) logotipoa eramango du hiru ontzietako patroien arraunetan, Eusko Label ligan, EuskoTren ligan eta KAE-1ean.

Alberto Lopez klubeko presidenteak azaldu zuenez, helburua COVID-19ren aurka lehen lerroan borrokatu diren talde profesional guztiek egindako lana aitortzea eta eskertzea da, eta, horien ordezkari gisa, erizainak aukeratu dituzte. "Denboraldi osoan gure hiru traineruen leman egongo zarete", adierazi zuen.

Pilar Lekuona Coegiko presidenteak esker oneko agertu zen, eta erizainen lanak arraunlarien balioekin bat egiten duela azpimarratu zuen, besteak beste, "erantzukizuna, konpromisoa eta talde-lana". Era berean, klubak Gipuzkoan arlo publiko eta pribatu guztietan lan egiten duten 5.414 erizainen elkargo profesional honetara jo izana goraipatu nahi izan zuen.

Klubeko presidenteak iraganeko eta egungo babesle guztiei eskerrak eman zizkien, eta aipamen berezia egin zion Martin Berasategiri hasiera-hasieratik kluba babesten ondoan izan dutelako.

Gainera, Union Artesanarekin egingo den lankidetza berezia ere aipatu zuen. Elkartearen 150. urteurrenean, Donostiarrak hilaren 11n antolatzen duen estropadan, ekitaldi berezi bat egingo dute Artesanan bertan, eta, arraunlari guztiek UAren zapiak jan-tziko dituzte estropadak amaitzean.

Beste berrikuntza bat ere iragarri zen atzo, izan ere, gizonezkoen taldeen izena Donostiarra Amenabar izango baita, babesle horren lankidetzarekin jarraituz; eta nesken taldeko izena oraindik negoziatzen ari omen dira.

Osasunak halako garrantzia izan duen garai hauetan, IMQrekiko lankidetza eta haien analisiak eta jarraipena funtsezkoak izan dira kirolarientzat, Alberto Lopezen esanetan; bide batez arraunlariak zoriondu zituen, teknikariekin batera, aste luze hauetan erakutsitako arduragatik eta erantzukizunagatik.

Amaitzeko Eneko Goia alkateak hitz egin zuen. Lehenik eta behin Coegiri eskerrak eman zizkion eta instalazio berriak dituztelako zoriondu ere egin zituen, erizainen kolektiboaren aintzatespenarekin bat eginez. Bestalde, udan fruituak jasotzeko itxaropenarekin "hilabete luze hauetan arraunlariek egindako lan eskergabea" goraipatu zuen.

Alkateak 2019ko lorpenak gogora ekarri zituen, eta 2020an lorpen horiek berdintzeko edo gainditzeko itxaropena adierazi zuen; inolaz ere, gertatzen dena gertatuta ere, donostiarrak eta udala beti arraunlarien ahalegina babesten egongo direla azpimarratu zuen.