Talde bien helburuak garbi daude. Acunsa Gipuzkoak ACBra igotzeko kanporaketetan sartu nahi du; Juaristi Iraurgik, mailari eutsi. Helburua, donostiarren kasuan, urrundu egin da Estudiantesen aurka galdu ondoren; Urolako taldearen kasuan, aldiz, hurbilago dago Granada gaindituta. Bistan denez, asteburuak sentsazio kontrajarriak utzi zituen Urrezko LEB Ligako Gipuzkoako ordezkarien artean.

GBCk ez zuen behar bezalako mailarik erakutsi, sailkapenean bigarren den Estudiantesi egindako bisitan. Hasi eta berehala jarri zen markagailuan azpitik eta, erreakzionatzeko gaitasunik gabe, porrot galanta jaso zuen (87-65), 14-16ko balantzearekin dagoelarik. Liga Erregularra amai-tzeko lau jardunaldiren faltan, Lolo Encinasen taldea hamargarrena da, eta lehen bederatzien artean amaitu behar du play-offa jokatzekotan. Tamalez, bederatzigarren den Caceresek bi garaipen gehiago ditu, eta basket-averagea ere aldeko. Beraz, falta zaizkion partida guztiak irabazi beharko ditu Acunsak, eta Julen Olaizolaren egungo taldeak huts egin zain egon.

Beste aukera bat, 17na garaipen dituzten Oviedo, Tau Castello edo Coruña harrapatzea litzateke. Eta hori ere ez da batere erraza izango. Iraurgik, aldiz, bata bestearen segidan bost porroteko bolada zeraman arren, mendean hartu zuen Azpeitian Granada, hain zuzen ere, Urrezko LEB Ligako liderra. Hartara, balentrien trilogia partikularra burutu dute, denboraldi honetan Estudiantesi eta Lleidari ere nagusitzeko gauza izan baitira.

Iñaki Jimenezen taldea Pratekin berdinduta dago -averagea galduta, ordea-, eta Palmak baino garaipen bat gehiago dute. Hiruretatik bakarra salbatuko da. Aurrera begira jarrita, maiatzaren 8an, erabakigarria izan daitekeen derbia: Juaristi-Acunsa.

Juaristi

Acunsa

Juaristi-Acunsa

Acunsa

Juaristi

Acunsa

Juaristi